GARA > Idatzia > Ekonomia

UGTk bat egin du Metalaren sektorean ELAk eta LABek deitutako lau grebekin

Gipuzkoako patronala Metalaren lan hitzarmena blokeatzen tematuta dagoela salatu zuten atzo sektore horretako negoziazio mahaian parte hartzen duten sindikatuek. Egoera ikusita, UGTk bat egin du ELAk eta LABek maiatzerako eta ekainerako iragarritako greba deialdiekin.

p027_f02_097x144.jpg

GARA

UGTk eskatuta, Gipuzkoako Metalaren lan hitzarmena aztertzeko bederatzigarren bilera egin zuten atzo Adegik eta mahaian ordezkaritza duten sindikatuek -ELA, LAB, CCOO eta UGT bera-, baina bertan ez zen inolako aurrepausorik eman, sindikatu guztiek salatu zutenez. Egoera ikusita, UGTk iragarri zuen bat egiten duela ELAk eta LABek maiatzaren 28rako eta ekainaren 4, 10 eta 11rako deitutako greba eta mobilizazioekin. Hala ere, maiatzaren 25ean izatekoa den bileran Adegiren jarreran «aldaketa nabarmenik» balego bere erabakia alda lezakeela gaineratu zuen sindikatu horrek.

Bitartean, elkarrekin idatzitako prentsa oharrean, ELAk eta LABek patronalari leporatu zioten negoziazioa «blokeatzen tematuta» dagoela, eta hitzarmenean «lan eskubideen murrizketa latzak» ezartzeko asmoan ez duela atzera egiten. Bi sindikatu hauek, bere aldetik, «errespetuan oinarritutako» negoziazioa abiatzeko asmoa adierazi zuten atzoko bileran, negoziazio horren bitartez «egungo lan baldintzak» hobetu daitezen. Edonola ere, Adegiren ordezkariaren «jarrera prepotentea» ikusita, ELAk eta LABek iritzi diote patronalak «hitzarmen duina eskuratzeko bide bakarra» utzi diela langileei, mobilizatzea, alegia.

Horregatik, bi sindikatu hauek sektore honetako langile guztiei eskatu diete datozen egunetarako deitutako greba eta mobilizazio guztietan parte har dezatela. Honekin batera, «oso garrantzitsutzat» jotzen dute sindikatuen arteko batasuna, eta «ulertezintzat» joko lukete beste sindikaturen batek «Gipuzkoako Metalaren lan hitzarmenaren defentsa bertan behera utziko balu».

CCOOk sindikatuak, bere aldetik, Adegiri bere jarrerarekin «gatazka giroa sortzea» leporatu zion, eta salatu zuen atzokoaren aurretik izandako azken bileratik igarotako denbora ez duela «hausnarketa egiteko eta elkarrizketa hobesten duen proposamen bat egiteko» erabili.

baldintzak

ELAk eta LABek Adegiri leporatu diote Gipuzkoako langileen lan baldintzek «Asiako hego-ekialdeko langileen baldintzen gero eta antza handiagoa» izan dezaten saiatzen ari dela bere jarrerarekin.

mobilizazioak

Metalaren sektoreko langileei datozen egunetarako deitutako grebetan eta mobilizazioetan parte hartzeko eskatu diete ELAk eta LABek. UGTk ere mobilizatzeko galdegin die bere afiliatuei, eta CCOOk bere delegatuak bilduko ditu etzi Donostian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo