GARA > Idatzia > Mundua

Txinak sostengua adierazi dio Irango uranioa trukatzeko akordioari

Irango uranioa trukatzeko Islamiar Errepublikak, Turkiak eta Brasilek hitzartu berri duten akordioak bultzada garrantzitsua jaso zuen atzo, Txinaren sostengua lortu baitzuen. AEBak, ordea, Iranen kontrako zigor berriak ezartzeko lanean ari dira Nazio Batuen Erakundean.

GARA

Iranek, Turkiak eta Brasilek Teheranen uranioa aberasteko hitzartu berri duten akordiori sostengua eman zion atzo Txinak.

«Akordioarekin bat egiten dugu, garrantzitsua delakoan gaude», adierazi zuen Txinako Atzerri Ministerioko eledun Ma Zhaoxuk.

«Irango gatazka nuklearra modu baketsuan konpontzen lagunduko duelakoan gaude», gaineratu zuen Mak ohiko prentsaurreko batean.

Iranek, Turkiak eta Brasilek astelehenean adostu zutenez, Iranek Turkiara bidaliko du erregai nuklearra %20 aberasturiko uranioagatik trukatzeko. Hitzarmen honen helburua Iranek uranioa aberasteagatik sortu den gatazka gainditzea da.

Akordioak jasotzen duenez, Iranek eskas aberasturiko (%3) 1.200 kilo igorriko ditu Turkiara. Urtebeteko epean Teherango erreaktore-ikerketarako beharrezkoa den %20 aberasturiko 120 kilo uranio jasoko ditu trukean Iranek, herrialde horretako Atzerri Ministerioaren arabera.

Mendebaldeko estatuak mesfidati agertu dira akordio honen aurrean, batez ere Iranekin martxan zituzten negoziazioak amaitu direnean.

AEBek, Europako estatuek eta Israelek Iranek arma nuklearra lortzeko asmoa duela salatu dute, nahiz eta Teheranek akusazio hori behin eta berriro gezurtatu duen. Mendebaldeko estatuak NBEk Irani zigor gehiago eta larriagoak ezartzeko ahaleginetan ari dira.

Txinako eledunak nabarmendu zuenez, Pekinek «estrategia bikoitzari eusten» dio, hots, Iranen aurkako presioa mantentzea, aldi berean Teheranekin negoziatuz.

Txina NBEko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorra da eta Iranekin oso harreman ona du, Islamiar Errepublikan energia arloan interes ugari baititu. Hori dela eta, negoziazioekin jarraitzearen aldekoa da eta zigorrak ezartzearen aurkakoa.

Egun, AEBek ezarritako presioei aurre egin die Pekinek, nahiz eta NBEn Iranen egitasmo nuklearraren aurka bozkatu duen.

AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonek NBEko Segurtasun Kontseiluan Iranen kontra zigor berriak ezartzeko zirriborro bat adostea lortu duela adierazi zuen atzo Washingtongo Senatuan.

Zirriborro horren gaineko zehaztasunik eman ez bazuen ere, Txinarekin eta Errusiarekin akordioa lortu zutela nabarmendu zuen Clintonek.

Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek dei berezia egin zion atzo Madrilen nazioarteko komunitateari Irango uranioaren gaineko akordioa sostenga dezan.

brasil

Irango erregai nuklearraren gatazkaren gainean erabakiak hartzen dituen 5+1 taldean [AEBak, Errusia, Txina, Britainia Handia, Estatu frantsesa eta Alemania] Brasilek eta Turkiak ere parte har dezaten eskatu zuen Lula da Silvak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo