GARA > Idatzia > Kultura

Debako Eskulangintzarako Irakaskuntza Zentroa, artisau eta artista berrien sorlekua

Deba inguruan, bi baserriren arteko bide estu batetik zehar, mendi eta zuhaitz artean dago Debako Arte Eskola. Toki paregabea, artisautzako hainbat lanbide berreskuratzea helburu duen taldearentzako.

p041_f01_97x84.jpg

Maddalen LARRINAGA | DEBA

Gaztetan, etorkizunari begira jartzean, bide luze eta iluna dela iruditzen zaigu. Deba bezalako tokietan badago irtenbiderik ordea, 16 urte baitira bertako artisau eskolan ikasketak burutu ahal izateko eskatzen duten gutxieneko adina.

Gero eta ahaztuagoak dauden lanbideetan trebatzeko aukera ematen die Debartek Euskal Herriko toki guztietatik inguratutako jendeari. 1969an Jorge Oteizak sortutako Debako Eskolako hondarretatik agertu zen gaur egun topa dezakegun artisau eskola hau. Gazte eta helduen artean lortutako sinergiari esker, «denen jakintzaz baliaturik egiten dira lanak bertan», Mikel Campo zuzendariaren hitzetan. Irakasleen artean, Juan Luis Baroja Collet, egungo grabatzaile kalkografiko onenetarikotzat jotzen dena, eta zuzendaria bera topa ditzakegu. Udako ikastaroen aurkezpena dela-eta, ate irekien jardunaldia egin berri dute, bertaratutakoei azalduz eskolako eguneroko jarduera. Gainera, bertan landu daitezkeen espezialitateen erakustaldiak ere egin zituzten.

Ikasle-langileak dira

Ikasketak burutuz joan ahala, errealitatea ere kontuan hartu beharrekoa izaten da; ondorioz, eskolari eskatutako proiektuak ikasleek burutzen dituzte, horrek dakarren presioarekin, lanak eta epeak betetzeko ardurari erantzuteko. Hala ere, ikasleek beren lan-bizitza antolatzen dute, sorkuntza propioak salmentara eramanaz. Kontu horretan noski, norbere jarrerak lagunduko dio ikasleari; izan ere euskal sinbologia daramaten errauts-kutxatilak saltzea adibidez, ez baita lan makala izaten.

Batzuk, ikasketak amaitu ondoren, Arte Ederretara doaz, beste batzuk handik etorriak dira, badaude erretiratuak ere, eta drogamenpekotasun edo lan-gabezia arazoak dituztenak ere izan dira bertan; baina denen helburu eta nahiak berberak izaten dira, bizitzeko eta aurrera egiteko beste modu bat ikastea.

Jorge Oteizak bere estetika konparatuaren ikasketak egin nahi zituen, eta horretarako, Jose Manuel Ostolazak Debari utzitako dirutzako zati bat erabili zuen Orioko eskultoreak 60ko hamarkadan. Arte eskola hartatik hainbat artista ezagun sortu ziren, baina denborarekin bertan behera geratu zen, 80ko hamarkadan gaur egungo ekimena sortu zen arte.

Irakasleek euskal kultura eta euskal artearen historia bultzatzen dute, eta gazteei horiek ezagutzen lagundu. Hala, harria lantzean adibidez, «500 urte lehenago egiten zen modu berean ikasten dute oraindik ere», dio Campok. Aldi berean, bizi garen garaia errespetatuz, ikasleengan modernitateranzko bidea eraikitzen saiatzen dira. Beraz, eboluzio baten bidez, gure hasiera eta amaieraren arteko zubia eraikitzen dela esan liteke. Harriaren eta egurraren lanketa, zeramika, brontze-galdaketa artistikoa eta grabaketa kalkografikoa dira bertako espezialitateak.

Eskolak hiru urteko ikasketak eskaintzen ditu, zortzi hilabeteko ikasturteetan, urritik ekainera. Ikasle bakoitzak zikloa hasterakoan espezialitatea aukeratzen du, baina hiruhileko bakoitzean beste lanbideak ezagutzeko aukera ere izaten du. Modu horretan, «bakoitzak erabakitako lanbidean ongi prestatuta egon arren, gainerako ogibideak ere ezagutuko ditu», azaldu du zuzendariak. Horrez gain, irakaspen teorikoak ere jasoko ditu, bai artearen historiaren, bai formaren eta kolorearen gainekoak. Bestalde, udan zehar ere astebete eta bi asteko iraupena duten hainbat ikastaro antolatzen ditu eskolak, eta nobedade bezala, beira urtuari (fussing) buruzko ikastaro berria erantsi diote orain arteko eskaintzari. Gainera, hemendik gutxira proiektu artistikoen beka-lehiaketa bat aurkeztuko du eskolak datorren ikasturterako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo