Antzerkiaren Maiatzak arteaz karrikan gozatzera gonbidatuko ditu hendaiarrak
Idoia ERASO | URRUÑA
Antzerkiaren Maiatzak arte adierazpenez jantziko du Hendaia. Izenak dioen bezala antzerkia izanen da jaialdiaren protagonista, baina horrekin batera, dantza, zirkua, mimoa... izanen dira ikusgai hiriko karriketan, eta ikusgelan. Maiatzaren 27tik 30era ikusgarri ezberdinak deskubritzeko parada izango da, izan ere, osatu duten egitaraua «eklektikoa» dela nabarmendu zuten antolatzaileek. Hendaiako Herriko Etxeak antolatu du, Chimères antzerki taldearen laguntzarekin.
Ikusleek artistekin elkartzeko txokoa izanen dute Gaztelu-zahar frontoian, non herrixka kokatuko den. Azken urteotan ikus-entzuleen kopuruan gorakada izaten ari da festibala.
13 konpainia, 26 antzezpen eta 53 artista izanen dira lau egunetan zehar Hendaian. Kostaldeko hiriko karrikak eta Varietes aretoa izanen dira ikusgarriak eskainiko diren ohiko tokiak. Baina harago ere iritsiko da festibala, zahar etxean eta Marin ospitalean ere izanen baitira antzezpenak, mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak gogoan.
Lan ezberdin eta ikusgarri anitz izanen dira, baina erakargarritasun berezia du Merci taldearen "Européana, une brève histoire du XXe siècle". Eskualdean antzeztuko den toki bakarra berau izanik, bost emanaldi egingo dituzte.
Ekimeneko antolatzailea den Chimères konpainiak bere azken sorkuntza aurkeztuko du, «Sissi pieds-jaunes». Ikusgarri honen euskarazko bertsioa Euskal Herriko itzulia egiten ari da.
Dantzak ere izanen du bere tokia Mikel Aristegi donostiarraren azken sorkuntzaren emanaldiarekin.