BILBOKO ALONDEGIAREN IREKIERA
Bilboko Alondegi berriak «txapela jantzi» eta ateak ireki ditu
Bederatzi urteko eraldatze lan nekezak, 42.000 metro koadroko eremua eta 70 milioi euroko aurrekontua, erraz esaten da. Orain mende luze bat Ricardo Bastida bilbotar arkitektoak eraikitako alondegiak aurpegia garbitu eta txapela jantzita, bere burua aurkeztu du hiritarren aurrean. Oraindik ez ditu ateak parez pare ireki -erakusketa gela baino ez-, baina udazkenerako martxan izango ditu kiroldegi, mediateka eta beste.
Anartz BILBAO | BILBO
Urte luzez -gehiegiz aukeran- hankaz gora izan ostean, iragan mende hasieran ardogileak biltzeko eraikitako Alondegia prest da Bilboko erdigunean, «herritarrei zerbitzua ematen jarraitzeko», atzoko aurkezpenean esan zutenez.
Arratsaldeko zazpietan zen irekiera ekitaldia hastekoa, baina ordu erdi lehenagotik jendez lepo zuen ataria Alondegiak, eta herritar ugari ziren inguruko espaloi ertzetan pilatuak. Jakina da gainera, eraikina inguratzen duten kaleek ere berritze lan mardulak jaso dituztela, azken egunotan areagotu eta bizkortu direnak.
Ekitaldia Alondegiak sarrera nagusia duen Arrikibar plazan hasi zen, ohorezko aurreskuarekin, udal txistulari taldea galaz jantzita zela. Aurrean, gonbidatuei harrera eginez, Bilboko alkate Iñaki Azkuna eta eraikinaren zaharberritze lanen arduraduna, Philippe Starck frantziar diseinatzailea. Eta hauen ondoan, Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaoz gain, pozez zoratzen ziren auzokide batzuk, azken orduan eraikinera sartzea lortu zutenak, printzipioz gonbidapenik ez zuten arren. Tartean, Mari Jose Zorrilla eta Ibone Leon gaztea. Bata zein bestea Alondegi inguruetan bizi dira, «eta etxekoa dugu eraikina, lanen prozesu osoa bizi izan baitugu, hasieratik bukaerara».
Aipatutakoak kenduta, hiritar soil gutxi eta gorbatadun ugari izan ziren ekitaldian -300 gonbidatu, enpresa gizon, ekonomialari eta abar-. Eta hitzaldiak bukatuta, ekitaldia zurruna izatekoa bazen ere, kopautxoa ere izan genuen, Viña Real 2004ko erreserba ardoak bustia. Aurretik, Gari musikariak «Amapola» eta «Zaharra zara Bilbo» kantuak eman zituen, eta Zuco 103 taldeak dantzarako musika jo. 21.00etatik aurrera brasilektro doinuak jorratzen duen taldea jotzen jarraitzeko asmoa zuen, baina ordurako, aldeginak ginen gehienok.
Eskaintza osatu eta orekatu
Aurretik, atrio erraldoian sartu eta diseinuzko aulki gardenetan jarrita, eraikinaren egungo itxuraren arduradun Philippe Starck eta Iñaki Azkuna Bilboko alkateak hartu zuten hitza, Idoia Jauregi kazetariak gidatu zuen ekitaldi elebidunean -aparte, frantsesez ere egin zuen tarteka-: «Bilboko Alondegia erdigunean dugun plaza berria da, euria egingo balu ere txapela jantzita duena» izan ziren erabili zituen hitzak, plaza estalia izendatzeko.
Starck pozik agertu zen Alondegia eraikinarekin, Bilbo denen ahotan zegoela esatera iritsi zen eta maitasunaz ez ezik, naturaz ere hitz egin zuen, aireaz, eguzki eta suaz... Ondoren Azkuna alkateak hartu zion txanda, gaztelaniaz, «orain bueltatu gaitezen lurrera» esanda. Atzera begiratu, eta «Alkatetzara heldu eta hiru eraikin aurkitu genituen egoera penagarrian», gogorarazi zigun aurrena: «Egun Isozaki Atea bihurtua den `Deposito franco' eraikina, oraintsu SGAEren bidez martxan jarri dugun Campos Eliseos antzoki eraberritua eta Alondegia». Eta historia aipatzen hasita, ez zituen ahaztu nahi izan Ricardo Bastidak XX. mende hasieran eraiki zuen ardo biltegi zaharra eraldatzeko izan diren egitasmo ezberdinak, Gorordo alkate zela Oteiza eta Sainz de Oizak egina, esaterako.
Bilboko alkateak aitortu zuenez, «Alondegiaren azken egitasmoa burutzeko, Pariseko Louvre museoko piramidearen arduradun Pei arkitektoarengan pentsatu genuen aurrena, baina zorionez, Philippe Starck hautatu genuen».
Starck-ek Bilboko erdigunerako garatu duen egitasmoa, Azkunaren esanetan, «lan serio, zuzen, indartsu eta zuhurra da. Bastida bera harro egoteko modukoa». Eta behin eraikita, «Alondegia Bilboko kultur eskaintza osatzera dator -hutsuneak baititu, alkatearen esanetan, literatura, osasun zientziak, ingurumen eta abarretan-, baita auzoak eta erdigunea orekatzera ere». Eta argi utzi nahi izan zuen, egitasmoa «oparotasun egoeratik abiatua egoteari esker gauzatu dela, egun ezinezko litzatekeena».
Bestalde, ezker abertzaleak atzo jakitera eman zuenez, ez dator bat Azkuna alkateak esandako hitzekin, diru xahutze bat izan dela uste baitu, Alondegi berria gauzatzeko 75 milioi euro erabili baitira, eta hiriak «beharrizan larriagoak» dituela. Esaterako, haurreskolak ahotan hartu, eta «Bilboko haurreskoletan, bi urteko 7.300 haurrek 417 plaza baino ez dituzten bitartean -23 auzotan ez dago haurreskola publikorik egun-, Udalak berriak eraikitzeko dirurik ez dagoela dio». Gainera, ezker abertzaleak agertu duenez, «auzoetako kultura aurrekontuak %50 murriztu dira azken bizpahiru urteotan, eta hiriko 38 auzotan 406.000 euro baino ez ditu bideratuko Udalak, kultura ekimenak gauzatzeko».
Aipatu datuak kontuan izanda, salaketa egiten dute, Bilboko Udalean diren EAJ eta IU taldeek «hiriko erdigunean besterik ez dutelako erabiltzen hiritar guztiona den dirua, eta herritarren gehiengoa bizi diren auzoei, berriz, apurrak baino ez dituzte bideratzen». Kontuak horrela, «hiria kudeatzeko eredua aldatzeko unea» dela uste dute, eta Bilbo herritarren beharrak asetzeko eraiki behar dela aldarrikatzen dute, «eta ez erdigunea, dirudunak edo turistak lehenesteko».
«Maitasunez garatua»
Gonbidatuei harrera egin aurretik, Iñaki Azkuna alkateak eta Philippe Starck diseinatzaile frantziarrak atzo irekitako gunearen berri eman zuten goizean, kazetarion aurrean.
Izar handi baten antzera agertu zen Starck entzuteko, bat-bateko itzulpen zerbitzua izatekoak ginen -gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez; euskararen arrastorik ez-, baina akatsen bat medio, diseinatzailea ulertu ezinda gelditu ginen asko, berak «lasai, bukatzen dudanean idatzizko itzulpena emango dizuete» esan, eta isildu gabe 15 minutu ematen zituen artean, bukatu eta irribarretsu «galderarik bai?» bota zigun arte.
Azkunak esana zuen, Starck ezagutu eta honek Alondegia ikusi zuenean, maitasunaz hitz egin zuela, guztien harridurarako. Atzokoan ere, «ez dut ezer prestatu eta bihotzarekin hitz egingo dut», esan zuen frantziarrak. Bere esanetan, dagoeneko ezaguna da Bilbok Alondegian garatu nahi duen egitasmoa. Hara eta hona egiten dituen etengabeko bidaietan, makina bat galdera egiten omen dizkiote Bilbon garatu duen guneari buruz, eta berak ez ei daki zer erantzun: «Alondegia, museo bat da, kirol zentro bat akaso, edota liburutegia. Azoka ote da?». Galdera asko dira Starck diseinatzaileak darabiltzanak, izan ere horixe da Alondegiaren abantaila, gune bakarrean merkatal, kirol eta kultur arloak uztartu nahia, «Bilboren beharrizanei erantzunez, eraikinak jarri dituen mugak kontuan hartuta».
Frantziarraren esanetan, «ahalik eta gastu gutxienarekin burutu da Alondegi berria -apaingarriez ari da-, eta berez eraiki da, gizatasunaren legeari, maitasunari erantzunda».
Atzoko inaugurazio festa atzean utzi eta erakusketa bi aurkeztuz hartuko ditu Alondegiak hiritarrak. Batzuk gustura dira, «gune zoragarritzat» dutelako, eta asaldatuak besteak, «erabilitako dirutzak ikusita». Orain, edukiontzia bete, mugitu eta hiritarren erantzuna izango da garrantzitsuena, kutxa hutsa hiriaren eragile bihur dadin.
Bilboko alkate Iñaki Azkunak bestelakoa esan bazuen ere -Alondegiak ez zuela kontrako iritzirik jaso-, ezker abertzaleak kezka agertu zuen atzo, lanak ekarri duen diru xahutzeak hiriaren premiazko beharrizanak bazterrean utzi dituelako.
75 milioi euroko aurrekontua izan du Bilboko Alondegia berreraikitzeko lanak. Eraikinak 42.000 metro koadroko edukiera du, eta mediateka osatu bat eta kiroldegi ikusgarria jasoko ditu barruan, besteak beste, estalitako plaza izateaz gain.
Kulturaniztasuna, ingurumena, antropologia, soziologia eta filosofia bilduko ditu Bilboko Alondegi berria inauguratuko duen erakusketak. Gaurtik abuztuaren 20ra arte izango den «Lurra proiektua», Marian Egaña zuzendariak azaldu zuenez, «proiektu plataforma bat da, hamabi proiektu ezberdinez osaturikoa». Erakusketan nazioarteko hainbat autorek hartu dute parte: Abalos & Sentkiewicz, Sanaa, Emilio Puertas edo Santiago Cirugeda arkitektura estudioek; Olatz Gonzalez Abrisketa antropologoak; Antoni Muntadas, Lothar Baumgarten, Dario Urzay, Jorge Oteiza, Gordon Matta-Clark edo Jose Ramon Amondarain artistek.
«Elkarrizketarako deia egiten dugu», esan zuen atzo Alicia Chillidak, erakusketako komisarioak. «Alhóndiga hitzak merkatua esan nahi du arabieraz eta esanahia aprobetxatu nahi izan dugu sortzaileen elkartrukerako gunea izan dadin eta arte eta naturari buruzko hausnarketa egiteko». Honekin batera, gai bera jorratzen duen «Sorterria. Beste leku bat hasten da hemen» erakusketa ere irekiko da, «Bilboko bizilagunak lurrarekin harremana duten gaietara eta gizakiaren kulturara hurbiltzeko» helburua partekatzen duena.
Bilboko erdiguneko plaza estalia izateko jaioa, Alondegiak sailean irekiko ditu eremu guztiak, behin hiriko erakusketa areto handiena aurkeztuta. Eta honekin batera, jarduera fisikoetarako izena emateko epea eta umeen kotxeetarako aparkalekua ere irekiko dira gaur.
Asteburuan, eremuan kokatutako Auditoriumak lehenengo ekitaldia jasoko du. Brodas taldeak «hiriko dantzei buruzko» saioak eskainiko ditu, horietako bi didaktikoak eta familia osoari zuzenduak -maiatzaren 22 eta 23an, 12.00etan-. Bertan izango da «BEZ barne» hip hop emanaldia maiatzaren 22an (20.00etan, eta 10 euroan).
Hilaren bukaeran, Yandiola jatetxea irekiko dute -beste bi ere izango dira aurrerago- (maiatzaren 27an), baita Golem zinemetako sei aretoak ere (maiatzaren 28an). Ekaina heltzearekin batera, igerilekuan dzanga egingo dute igerilariek (terrazetan eguzkia hartzeko, berriz, ekainaren 15etik, irailaren 15era arte), gimnasioak lehen izerdiak eragingo ditu eta Hóla kafetegia irekiko da, eta ekainaren 7an La Florinda jantokia.
Mediatekari dagokionez, «aurki sinatuko dugu akordioa BBKrekin» esan zuen atzo Azkunak, Bilbao Bizkaia Kutxak diruz babestuko baitu datorren udazkenetik aurrera hiriko liburutegiak osatzera datorren gunea. Eta oraindik bada Alondegiak hutsik duen gune bat, «betetzeko presarik ez dagoena». A. B.
Alondegiko erakusketa gela irekiko dute gaur, «Lurra proiektua»rekin. Zinema aretoak maiatz bukaeran, eta kiroldegia ekainean jarriko dituzte abian, eta mediateka, udazkenerako. Ordurako, kafetegi eta jatetxeak ere zabalik izango dira.