GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ana Telletxea Filologo eta ikertzailea

Maskarada Iruñean

 

Arraroa egiten zaigu maiatzaren buelta honetan maskaradaz aritzea, urteko lehen hilabeteetako kontua baita usadioz. Zuberoako maskaradak aurtengo azken agerraldia Iruñean egin du Larraineko herriaren eskutik. Maiatzaren 22an Larraine Iruñean izan zen. Zuberoa Nafarroan.

Zuberoako maskarada (jatorrizkoa) sekula izan gabea zen Nafarroan. Baionan eta Oreretan, adibidez, izana zen, eta bestetik, gainerako emankizunak beste tokitako eta herrialdetako taldeek emanak ziren. Gainera, maiz, Zuberoara joateak sortzen duen nagikeria sumatu izan dugu hainbatengan, bide luzea da haraino, portuak tartean... eta euskal lurren arteko loturak ez dira espresuki geure administrazioak hobetzen ari direnak; Iruñetik Madrilera aiseago eta azkarrago joan zaitezke Iruñetik Maulera baino. Lotura naturalak galtzen ari gara eta arrotzak indartzen.

Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak, kulturaren gaineko ardurak mugituta, hainbat ildotako lanak gauzatzen ditu aspaldidanik. Dantza eta musika eguneroko jarduera dituen arren, folklorearen beraren ikerkuntza, suspertzea, ezagutza eta aitortza ditu helburu nagusiak bere hastapenetik. Hori hala izaki, Zuberoako maskarada beste eszenatoki batean agertzeko eta jendearengana beste nolabait hurbiltzeko erronkari aurre egin dio. Maskaradak bere testuinguru naturala du, aldaezina, ezin uka. Baina oraingo honetan, egun jakin batez euskaldunon hiriburuko kaleetan barna aritu da, goizean barrikadak eta arratsaldean antzerki saioa.

Hegoaldean, oro har, «edalontziaren dantza» gisa sinplifikatu da maskaradaren (zehazki Zuberoako dantzaren) mamia. Harrigarria da nola akrobazia horrek arreta guztia hartu duen inguratzen duen elementu aberatsen osotasunari ia erreparatu gabe. Aitzina pika, Xorrotxen kantua, sorgin-guraizea, Zamaltzaina, Kabanaren predikua, ferratze-lana, ebatsitako oiloa, txirula, beltzak eta gorriak, bedeziaren lasterrak, herriko zaharren irria, kontrapas edo antrexantak, uskaz mintzatzia eta zintzür bustitzia... horiek denek (eta gehiagok) osatzen dute maskarada bat, barrikaden sinbolismotik hasi eta azken kantuaren lekukotzan bukatu. Maskarada da antzerkia, dantza, kantua, inauteria, poesia, herri kontakizuna... Europa osoko emankizun folkloriko aberatsenetakoa, alegia.

Norberaren gaitasunak bakarka landu eta plazaratzea areagotzen ari garen honetan, miragarria da herri-antzerkiaren arrakasta hau. Tradizioa eta modernismoa, zentzu batean, nahasten jakin dute herritarrek. Hogeita hamar bat laguneko taldea lau hilabetez herriz herri ibiltzen da igandero zaharrak eta gazteak biltzen dituen tradizio bat biziberritzen.

Eta egiazki, ikertzaile askoren buruhaustea ere izan da, ez baita garbi sineste zaharren hondarrak diren, Erdi Aroko ospakizunen arrastoak, denboraren joanean eraldatutako errito sinbolikoak... Argi dagoena da metafora soziala direla gauza ororen gainetik. Maskarada inauteri besta da. Herriko gazteak bilduarazten dituen hitzordua da, mugak irekitzeko garaia, auzoa egiteko bilkura. Maskarada eta pastorala (beste adierazpide indartsua) Zuberoan harreman tresna diren gisara, kultura eta nortasunaren iraunarazle eta motor ere badira. Sekulako balioa eta indarra du horrek gizatalde batentzat, eta sarritan ez gara ohartzen. Euskara bera (Zuberoan), hein handi batean, bi kultur elementu hauei esker sustatzen eta bermatzen ari da.

Aitzitik, Frantziaren politikak aski ongi bideratu du (bere mesederako) Zuberoako bizi-baldintzen zailtasuna: industriarik eza, laborantza txikia, ekonomiaren erabateko menpekotasuna, ingelesen bakantzetako paradisu bihurtzeko arriskua... eta horrekin denarekin ere, kulturgintzan (eta kulturgintzaz) bizirik da Zuberoa.

Hitzordu berezia izan da asteburu honetakoa. Aukera bikaina Euskal Herriko kale-antzerkiaren aitzindariaz gozatzeko. Ongi etorri «Monako ttipia» gurera! Zuberoako esaera zahar batek dio: «Ez da dantzaririk hobe(re)na godaletan pausatzen dena». Anima zaitezte tradizio hau bestela ikustera, ulertzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo