GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

harri-zulatzea Euskal Herriko Liga

Txorierrik indartsu jarraitzen du eta bigarren saioa ere berarentzat izan da

J.L.

Txorierri indartsu hasi da aurtengo Euskal Herriko Ligan, eta bigarren jardunaldian ere nagusi atera da, berriro ere irabazi egin baitu, nahiz eta lehenengoan baino estuago izan dituen gauzak.

Atzokoan lan bikaina egin zuen Kabiezesek, eta amaieran lau zentimetrok bakarrik erabaki zuten atzoko norgehiagoka. Txorierrik 21 zulo eta 9,5 zentimetro egin zituen, eta lau zentimetro gutxiago, berriz, Kabiezes taldeak.

Hirugarren postuan, berriz, lehen jardunaldian bezalaxe Burdin Gazteak sailkatu zen 19 zulo eta 3,5 zentimetro zulatuta, eta laugarren, Trapagaran 18 zulo eta 9,5 zentimetrorekin.

Hortik atzera aldeak nahiko nabarmenak izan ziren. Bosgarren postuan Errekatxo sailkatu zen 16 zulo eta 5,5 zentimetrorekin; seigarren postuan Gallarta sailkatu zen 15 zulo eta 5,9 zentimetro zulatuta, zazpigarren sailkatu zen Las Karreras taldea 12 zulo eta 8,9 zentimetrorekin, eta azken postua errepikatu zuten KZ Kolpeka taldekoek 5 zulo eta 9,5 zentimetro zulatuta. Kontuan hartu behar da, azken hau dela lehian ari den emakumezkoen talde bakarra, eta iaz bezalaxe aurten ere oso lan txukuna egiten ari dira KZ Kolpeka taldekoak.

Sailkapen nagusian, Txorierrik jarraitzen du lehen postuan jokatutako bi probak irabazita. Orain bigarren postuan Kabiezes taldea kokatu da, eta hirugarren postuan Burdin Gazteak, Ortuellako taldea, geratzen da. Atzoko norgehiagoka Ortuellan jokatu zen, eta jendetza handia batu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo