GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Lur Gaineko Euskal Herriko Txapelketa

Gaztedik gauzatu du ezustekoa

Azkeneko urte hauetan Goiherri taldeak izan duen nagusitasunari amaiera eman dio, 680 kilokoan txapela eskuratuz.

Jon LEUNDA

Ezustea gauzatu da, eta Gaztedik lortu du denboraldiko lehen txapela. 680 kilokoan gailenduta,azken urte hauetan Goiherrik izan duen nagusitasunari amaiera eman zion atzo Getxon jokatutako saioan.

Puntu erdi bateko aldearekin heldu ziren azkeneko jardunaldira Gaztedi eta Goiherri, lehenengoak aitzinetik zirela, eta horrelaxe amaitu zuten atzoko saioaren ostean ere.

Aurrean zituzten talde guztiak mendean hartu zituzten, eta dena beren artekoan erabaki behar zuten, eta hor talde bakoitzak tiraldi bana irabazi zuen, eta berdinduta geratu ziren atzoko saioan, baina ez zen kitarakoa jokatu beharrik izan, Gaztedik hasi aurretik zuen puntu erdiko abantailari eutsi egiten baitzion.

Horrela, Gaztedik lehen postuan amaitu zuen, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Goiherrik, nahiz eta azken urte hauetan txapeldun izatera ohituta egon den.

Hirugarren eta laugarren postua erabaki samartuta zegoen, eta atzokoan ere aurreko emaitzak berretsi egin ziren. Mutrikuk lortu zuen hirugarren postua, aurreko biekin galdu egin zuen, baina gainerako tiraldi guztiak bereganatu egin zituen, eta atzo lortutako hirugarren postuak sailkapen nagusian hirugarren amaitzeko ere balio izan zion.

Areso izan zen laugarren geratu zena. Nafarrek Goiherri B eta Getxo hartu zituzten mendean, eta atzo bezalaxe, sailkapen nagusian ere laugarren postuan geratu zen.

Azkeneko postuan zein geratuko zen jakiteko ere bazegoen emoziorik, azkeneko postu hori inork nahi ez duena baita, eta horretarako Getxo eta Goiherri B ziren bi hautagaiak. Getxok abantaila zuen sailkapen nagusian, eta atzo bere zaleen aurrean ez zuen hutsik egin, eta azken postua ekiditea lortu zuen. Bai Getxok, bai Goiherri B taldeak ere, gainerako guztien aurka galdu egin zituzten tiraldi guztiak, eta gakoa bien arteko deman zegoen, eta hor Getxok aurre hartu zion Goiherri B taldeari, eta atzo bezalaxe geratu zen amaierako sailkapena ere, Getxo bosgarren, eta Goiherri B, berriz, azkena.

Hiru jardunaldiak jokatu direnean, honela geratu da sailkapen nagusia: lehenengo eta txapeldun, Gaztedi izan da 16,5 punturekin; bigarren Goiherri A, 16 punturekin; hirugarren Mutriku 12,5 punturekin; laugarren Areso 9 punturekin; bosgarren Getxo izan zen 5,5 punturekin eta azkena Goiherri B taldea, 3,5 punturekin.

Jokatu den lehen pisu honetan gauza bat garbi geratu da, Gaztedi eta Goiherri beste guztien gainetik daudela, eta gauzak asko okertu ezean, bi talde hauek faborito izango dira gainerako pisuetan ere.

Puntu erdia

Azkeneko jardunaldira Gaztedi puntu erdi bateko aldearekin heldu zen, eta horren amaieran ere berdin geratu ziren, Gaztedi eta Goiherri.

640 kilokoa datorren larunbat arratsaldean hasiko da

680 kilokoa amaituta, datorren larunbatetik aurrera 640 kilokoaren txapelketa hasiko da, eta hor ere hiru jardunalditako ligaxka izango da.

Datorren larunbatean Areson jokatuko da lehen jardunaldia, eta bigarrena Martiartun izango da ekainaren 12an, eta azkenekoa, berriz, Aian izango da ekainaren 20an.

Goiherri A, Goiherri B, Getxo, Areso eta Mutriku seguru daude, baina badirudi zalantzan zela Gaztediren parte-hartzea, baina behin lehen txapela lortuta, pentsatzekoa da 680 kilokoaren txapeldunak datorren larunbatean Areson izango direla lehen jardunaldia jokatzeko.

Hemen ere hiru saioko ligaxka izango da, eta horren amaieran punturik gehien dituen taldeak eramango du txapela. Goiherri izango da faborito nagusietako bat, eta ikusi beharko da Gaztediren lana.

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo