AEBetako telebistak, «Lost» eta «24» telesailen ondorengo bila
«Lost» eta «24» telesail famatuak laster bukatuko dira eta Ameriketako Estatu Batuetako telebisten «prime time»-a umezurtz geldituko da, zale pila dituzten istorio misteriotsurik gabe. «The Event», «No Ordinary Family» eta «Terra Nova» izanen dira hutsunea beteko dutenak.GARA | AEB
Ameriketako Estatu Batuetako kateak heldu den udazkenera begirako programazioa aurkezten hasi dira egunotan. Eskaintza horretan ez dira «Lost» eta «24» egonen eta milioika ikusle (tartean baita euskaldunak ere) istorio zirraragarri berrien gosez geldituko dira. Lehenbiziko telesailak sei urte egin ditu eta bigarrenak, aldiz, zortzi.
ABC kateak ematen du «Lost» naufragoen gorabehera korapilatsuen telesaila eta hura bukatzen denean hutsunea betetzen saiatuko da «No Ordinary Family» botere harrigarriak dituen familia baten dramarekin. «V» ere itzuliko da; 80ko hamarkadan telebista konkistatu zuten estralurtar-muskerren sailaren remakearen bigarren denboraldia izanen da.
Aldiz, «FlashForward» eskaintzatik kanpo gelditu da. Ekoizpen honek «Lost»en antzeko misterioak planteatzen zituen eta haren zaleak bereganatzea zuten helburu. Baina, hasiera itxaropentsua izan arren, ez zuen ikusleria konbentzitu. «Happy Town»eko intrigek ere ez, nahiz eta publizitate ikaragarria egin.
ABCk medikuei buruzko telesailetan itxaropena izaten jarraituko du: «Anatomía de Grey» eta «Sin cita previa» emanen ditu, eta ondotik, negua ailegatu aitzineko egunetan, «Off the Map». Azken hori igandetan ikusten ahalko da, «Mujeres desesperadas» klasikoa eta gero.
Ez da polizien gorabeheren eskaintza berririk faltako, ikusgai izanen dira «Body of Proof» eta «Detroit 187». «The Whole Truth» abokatuen telesaila eta «My Generation» reality show faltsua ere ageri dira aurkeztu zituzten izenen artean.
Spielberg eta «Avatar»
Foxek «Terra Nova» izanen du erakargarri nagusia. Telesail honek etorkizuneko familia baten kontuak kontatzen ditu; historiaurrera bidaiatzen du gizadia salbatzeko eta azkenean dinosauro artean bizitzen bukatzen du. Dagoeneko interes handia piztu du, Steven Spielberg baita ekoizle exekutiboa. «24»ko gidoilari batzuk ere ari dira bertan lanean, eta «Avatar» pelikula sortu zutenek egin dute diseinua.
Berritasunen artean dago «Lonestar» drama, «Dallas» 80ko urteetako sail arrakastatsuaren bertsio modernoa, baita «Ride-Along» polizia istorioa ere. «House», «Bones» eta «Glee», aldiz, sustraitutako produktuak dira eta segitu eginen dute.