GaztEHerriak euskal gazteriaren eskubideak, etorkizuna izateko eskubidea, Bruselan aldarri
Euskal gazteriaren eskubide zibil eta politikoen aldarrikapena Bruselan izango da gaur. Europar Batasunak aldarrikatzen omen dituen eskubideak dira, baina Euskal Herrian urratzen dituztenean -eta oso ohikoa da urraketa hori-, beste alde batera begiratzen du. Ez, ordea, hainbat herrialdetan jarduten duten gazte erakundeek, joan den apirilaren 1ean, Gernikan bilduta, gaurko ekimenerako deia egin zutenak, hain zuzen. Orduan euskal gazte independentistek jasaten duten askatasun falta eta errepresioa salatu eta euskal gazteriarekiko elkartasuna agertu zuten. Gernikan zabaldu zuten agiriak mundu osoko dozenaka erakunderen sostengua jaso zuen. GaztEHerriak deituta atzo Bruselara abiatu ziren euskal gazteek elkartasun horren babesa dute, baita Euskal Herriko gizartearen parte handi batena ere. Horregatik, ulergarria da GaztEHerriak independentziaren aldeko indarrak metatzeko apustua egin izana, egingarria dela erakutsita, gainera, GaztEHerria kultura politiko desberdineko gazte erakunde eta banakoek osatzen baitute.
Gaur, Bruselan, herri honen proiektu guztiek etorkizuna izateko eskubidea aldarrikatuko dute etorkizun horretako protagonistek.