GARA > Idatzia > Kultura

Jan-edana eta musika izango da Dokaren hirugarren urteurrenean

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

2007az geroztik, Donostiako Kafe Antzokiak Antigua auzoan dauka bere egoitza. Hiru urte pasa dira ordutik; «ez da asko kanpotik begiratzen duenarentzat», adierazi du bertako kultur programatzaile Haritz Barelak, baina, era berean, «asko da hutsetik hasten denarentzat». Egindako bide hau ospatzeko, gaur gauean «bertan sentitu, dantzatu, maitemindu eta konpartitu dutenentzako» eta oro har «Dokazale guztientzako» jaia antolatu dute, jana, edana eta irudi proiekzio eta guzti. Gaua Joseba Anabasak girotuko du eta sarrera doakoa izango da.

Kafe Antzokia «Donostiak zuen hutsune bat betetzeko asmoz sortu zen». «Euskara eta euskal kultura abiapuntu izanik» hainbat kultur adierazpidek tokia aurkitu dute bertan, eta ikusleei ostalaritza zerbitzuarekin batera gozatzeko aukera ematen zaie. Adierazpide horien artean kontzertuak, bertso saioak, antzezlanak eta bestelako emanaldiak eskaintzen dira. Duela hiru urte Antiguan kokatzeko aukera ikusita hara joan ziren eta bertakoen erantzunarekin pozik daude. «Auzo bizia, euskalduna, kulturzalea, jendetsua eta ederra da», Donostiako Kafe Antzokia dagoen tokian «ezin egokiago» dagoela dio Barelak.

Hala ere, hasiera ez da nahi bezain erraza izaten, «oztopo eta traba asko gainditu behar izan baitira». Baina geroztik orain arte, «dagokion norabidea hartzen hasia da», hiru urteko ibilbidea positiboa dela azaldu du. «Dokakideen grinak eta jende askoren milaka lan orduek gauzatu dute gaur egun Doka dena». «Donostiak Kafe Antzokia merezi eta behar du, Kafe Antzokiak berak Donostia behar eta merezi duen bezala», nabarmendu du Barelak.

Tabernak garapen «txukuna» izan du 2007az geroztik. Horren funtsa «Antigua auzoan egoteaz ohartzea» izan da eta baita «auzokide eta herritarrengandik gertuago egotea» ere. Horrekin batera, «kultur programazioan saiakera berezia» egiten ari direla esan du programatzaileak. Kontzertuei dagokienez, «kurtso hau oso aberatsa izan da», eskainitako ekintzen artean Berri Txarrak taldearen «Payola» diskoaren aurkezpen kontzertua, eta Kaotiko, Dayna Kurtz Dick Dale edo Ze Esatek! taldeak ikus ahal izan dira, besteak beste. Antzerki munduak ere izan du tokia euskaraz eginiko talde amateur eta profesionalen eskutik, baita jazz-ak ere, Musikeneko ikasleen laguntzaz egindako jam session-ekin. Hemendik aurrera, «guztia izan daiteke posible», kultur eskaintza zabal eta parte hartzaile baten atzetik baitabiltza; «hori da Dokak hurrengo kurtsorako hartu duen konpromisoa».

Etorkizunari begira, hasieran zehaztutako helburuen arteko baten bila dabiltza; «sukaldea jarri nahiko genuke». Hori Kafe Antzokiaren hirugarren zutabea izango litzateke, Barelaren iritziz, «zer ikusi, zer entzun, zer edan eta zer jan». Baina, beti bezala, «egokierak erabakiko du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo