GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Probokazioaren estrategia, berriz

Ez da ezustekoa Obamak eta Netanyahuk zuten hitzordurako 30 ordu falta zirenean, Israelek halako probokazioa burutu izana: «Ea nire aurka ipintzen ausartzen zaren... azaroko hauteskundeetarako nire babesleen bozak behar dituzunean!»

Hamasei hilabete itxaron behar izan dugu, baina iritsi da, azkenean, teoriak hasiera-hasieratik iragartzen zuen probokazioa. Bortitza, lotsagabea eta lotsagarria... baina kalkulatua, oso kalkulatua. Hordago guztietan bezala, Gazara giza laguntza eramatera zihoazen ontziei nazioarteko uretan egindako eraso pirata horren kalkuluen zuzen/okertasuna karta guztiak mahai gainean agerian ipintzen direnean ikusiko bada ere. Baina basatikeria zuritzeko jaulki dituzten gezurrek, eta horiek zabaltzeko esnarazi dituzten errepikagailuek, erakusten dute deliberoaren hoztasuna.

Iazko urtarrilaren 20tik arazo larri bat baitauka Israelgo Gobernuak. Usu eta aspaldidanik dauzkan beste hainbat baino larriagoa agian, haietako gehientsuen mamia eta muina ere baden heinean. Ameriketako Estatu Batuetan zortzi urtez agintean egon zen sekta apokaliptikoak Etxe Zuria uztearekin batera, oinarri-oinarrizko aldakuntza eratorri baitzitzaion: ordura arte, esan gabe baina begi-bistan, bien arteko aliantza guztiz bereziaren norabidea zertzea txikiaren, Israelen, esku zegoen; Obama-Clinton bikote berriarekin, aldiz, aliantzaren jarraipena ziurtatzen zen arren, handiak beretzat nahi zuen bolantea eta gidari aulkia. Beste edozein kasutan ere halaxe egiten ohituta dagoelako, besteak beste.

Kontraesan horren garapena izan da hamasei hilabete hauetako historiaren mamia Ekialde Ertainean. Asentamendu berriak iragarriz agintari israeldarrek Biden lehendakariordeari aurpegira egin zioten irain diplomatikoa nabarmena izan zen, baina ez oso eraginkorra, Obamaren administrazioak ez baitu aldatu Palestinako auziari aterabide politikoa emateko dituen irizpideetako bat ere. Dubaiko hilketa «pelikulero» bezain narrasa, edota lurralde okupatuetan Israelek burutu dituen asasinatze «arruntak» ere ildo berean ulertu behar dira: ea nondik bazterrak sutuko, Etxe Zuriak nahi duen negoziaketa mahaian galera besterik ez dutelako ikusten. Alferrik. Europaren duintasun eskasa egiaztatzeko besterik ez dute balio izan.

Bitartean, Anaia Nagusi estatubatuarrak zergatik den nagusi erakutsi dio, azpitik eta pitinka, Israeli. Ez bazekien. Iranen egitasmo nuklearrak zapuzteko estrategia berak kudeatuko duela argi utzi dio, adibidez; eta Israel eraso abenturetan sartuko balitz, errepresalien aurkako babesik gabe gera daitekeela aditzera eman diola dirudi. Are larriagoa izan da, halere, iragan ostiralekoa Nazio Batuetan: Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna berritu eta arma nuklearrik gabeko Ekialde Ertaina eskatzen duen ebazpena sinatu dute AEBek... Israeli buruzko bereizkuntzarik aipatu gabe.

Ez da, beraz, ezustekoa Obamak eta Netanyahuk zuten hitzordurako 30 ordu falta zirenean, Israelek halako probokazioa burutu izana: «Ea nire aurka jartzen ausartzen zaren... azaroko hauteskundeetarako nire babesleen bozak behar dituzunean!». Apustuaren benetako sakoneraz jabetzeko, hala ere, beste aldea ere hartu behar da kontuan: gertuan zuen eraginezko aliatu bakarra, Turkia, galtzen du Israelek postura honekin. Baina AEBekiko aliantzaren gidaritzak gehiago balio du nonbait.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo