GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Asier Baglietto Gabilondo | Zarautz

Herri(tar) aldrebesaren astebeteko kronika edo politikarien lezioa

Herri(tar) aldrebesak, herri(tar) xeheak politikari txit argi eta azkarren lezioak behar omen ditu errealitatea ulertzeko, bai horixe! Bestela... galduta gaude nonbait, gure txikikeria eta txokokerietan.

Aste honetan frogatu ahal izan dut zeinen ulergaitza zaidan mundu moderno hau, baina Udaleko politikariek euren jakituriaz norabidea eta argia berreskuratzen lagundu didate, eskerrak! Ea ba, nire zalantzetan ito gabe, eta gure buru-zahagien argia ilundu gabe, hau guztia azaltzen asmatzen dudan.

Zarauztarrok ez dakigu bizikletan ibiltzen! Hara! Gure ustea oso-osorik ustel! Zarauztarrok bizikleta erabiltzen ikasi beharra daukagu, eta horretarako nor hobe udal agintariak baino. Diruz ondo pagatutako programa bat jarriko dute abian, herriko txikiek eskolarako darabilten bidea aztertu, ibilbide seguruak proposatu, eskolara joateko bizikleta-tutoreak jarri... Ai! eskerrak politikariei eta krisi garai latz hauetan egiten dituzten inbertsio estrategikoei...! Eta gu, herri(tar) aldrebesok urtez urte herrian dagoen trafikorik gabeko kale zabal bakarra (malekoia) erabiltzen tematuta! Edo okerrago dena, bidegorriak eskatzen... Ez, ba! Agintariek erakutsiko digute nola saihestu ezker, eskuin, aurre eta atzetik datozen autoak, hori bai... tutore eta guzti!

Bigarren lezioa maiatzeko asteburu eguzkitsuak ekarri digu. Hondartza jendez lepo, toalla zabaltzeko albokoari baimen eske, baina itsasoan arimarik ez! Gora Espainiako arrantza lehiaketak! Eta malekoitik atzeko kaleetan... motor-soinua gau eta egun, Munoa atzerritar ilehoriz, motorrez, dendaz eta eskenatokiz beti (hara! hauentzat bada tokirik), aparkatzeko debekuak, amerikar banderadun autoak etengabe bozina joka, eta megafonoa astintzen... Eta herritarrok hori guztia gure onerako dela ulertu ezin! Orain ere tematuta! Lasaitasuna eta patxada maite ditugula, eta horrelako kontu txoroekin! Ez ba! Askoz hobeto gaude motoz, kanaberaz, turistaz, bozinaz eta bandera amerikanoz inguratuta! Bai horixe! Baina asteburuko lezioak ez dira hor bukatzen. Ez horixe! Gure agintariek zer nahi duten ere, askotan ez dugu ondo entenditzen nonbait. Ni konbentzituta nengoen alkohola edatea eta gidatzea elkartu ezin diren bi aditz direla, alkohola arriskutsua dela, legea beti eta zorrotz bete behar dugula! Ez ba! Ez beti behintzat... zer, aizue!, Harley Davisona izanda, orduan bai... edan gozo txakolina! Alkateordearen bedeinkazioarekin! A! eta belozidadeaz, zer? Horretaz ere zeresanik ez da falta herrian, baina luzeegi, serioegi jardun beharko genuke horretaz behar ez den inor ez mintzeko.

Bai, bai... politikariak gure galderak erantzuteko, horretarako daudela. Horretarako, eta erabakiak (gure partez) xuxen eta egoki hartzeko (ez ahaztu!).

Baina... hala ere, herrian badabil aspaldion galdera bat bolo-bolo, eta herriko politikariek oraingoz erantzunik ez diote eman nahi, antza! Akaso herri(tar) aldrebes eta xumeak, buru-zahagien argiak itsutu gabe erantzun beharko genuke galdera... Txosnak noa?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo