Sinesgarria ez dena zuritzeko azalpen sinestezina
Atzo GARAk argitara eman zuen txostena, Guardia Zibilaren galdeketetan izandako legez kanpoko prozedurak agerian uzten zuena, benetakoa dela onartu du Guardia Zibilak epailearen aurrean. Txostena irakurri duen edonori sinesgarria irudituko zaio, torturaren gaineko susmoak areagotu egiten ditu eta, nolanahi ere, operazio hartan, atxilotuak inkomunikatuta zeuden bitartean, legez kanpoko jarduerak izan zirela ondoriozta daiteke. Guardia Zibilaren txosten horrek agerian utzi duena oso larria da eta, beraz, arduradunen azalpen argia exijitzeko modukoa. Hala egin du Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak eta Guardia Zibilak, agiriaren benetakotasuna aitortu badu ere, haren gaineko kontakizun sinestezina egin du. Sinestezina da-eta guardia zibil batek horrelako «lan zirriborroa» erabiltzea, besteak beste agindu orokorrak jaso eta atxilotu bakoitzari galdeketa egin behar zieten guardia zibil taldeak zehazten dituena. Eta sinesgarriagoa galdeketak agirian agertzen den bezala gertatu izana... eta atxilotuek salatu zuten bezala. Arduradun politikoek beren ardurapeko indarren kontuen berri jakin beharko lukete, batez ere epaileen ikerketagai direnean. Ez dirudi hori Perez Rubalcaba Barne ministro espainolaren kasua denik, edo hala esan zuen berak atzo: «Ez dut agiria ezagutzen; beraz, ez dut ezagutzen ez dudana komentatuko». Sinesgarria?