Euskal Herriko Elkarte Geografikoa, bizipenen elkargune
XIX. mendean elkarte geografiko izenez jaiotako erakundeen helburua jakintza zabaltzea eta gizakiaren aurrerapenari zerumuga berriak irekitzea zen nagusiki. Osagai humanistaz beterikoak ziren eta jakintza jendartean zabaltzeko grina ere bazuten. Horregatik, Euskal Herriko Elkarte Geografiko sortu berriak helburu horiek berreskuratzea du xede.
Maddalen LARRINAGA
Erakunde berri honek jakintza partekatzea eta besteen jakintzaren bidez ikasteko gune bat sortzea du helburu. Ekintza ugari jarriko dituzte abian eta, horien artean, bidaiek garrantzi handia izango dute; izan ere, elkarrekikotasun eta jakintza tresna gisa erabiliko dira. «Nahi duguna elkarte haien alde positiboak aldarrikatzea da, baina beraien oinarriak eguneratuz». Hori gauzatzeko, «aniztasunarekiko eta planeta honen aberastasunarekiko errespetuan oinarriturik» egingo dute lan.
Euskal Herriko Elkarte Geografikoa jaio berria da oraindik. «Harritu egiten gaitu lehenago sortu ez izanak», adierazi du bertako lehendakari Xabier Bañuelosek; izan ere, Euskal Herrian bidaiatzeko zaletasun handia dago, «izugarri maite dugu». Elkarte honi hasiera emateko «hainbat egoera aditzea beharrezkoa izan zen pertsona batzuk elkar topatzeko eta abentura honetan sartzeko erabakia hartzeko». Egoera horiek Sirian jazo ziren; «Palmira eta Rasafa arteko desertua gurutzatzen ari ginela, une horiek jende gehiagorekin partekatzea esperientzia polita izango zela pentsatu genuen bertan geundenok». Honela, hilabete batzuen buruan proiektuari forma ematen hasi ziren.
«Jakin-mina bere horretan mantentzen duenarentzat, eta bere etxeko ateaz haratago dagoena ezagutu nahi duenarentzat» pentsatua dago erakundea. Antolatutako ekintzak «irekiak» dira, ez dute «mugetan» pentsatu, ez proposamenak onartzeko, ezta edonor ekintzetara etortzeko, Bañuelosek adierazi duenez. Eskatzen duten baldintza bakarra, «elkarte-kide bihurtzea» da.
Datorren seihilekorako hainbat ekintza antolatzen ari dira, baina batez ere, datorren 2011rako. Ekintza horien artean, Siriara eta Jordaniara bidaia bat egitea dute pentsatuta, solasaldiak, irteera tematikoak, erakusketak eta, horiez gain, atzo hasi zuten «Gizakia eta ur munduak» zikloari jarraipena emango diote bigarrenarekin. Horrez gain, webgunea ere badute denen eskura jarria.
Euskal Herriko Elkarte Geografikoa aurkezteko, Noraezean zikloa hasi zen atzo Bilbon. Bertan bere burua aurkeztu zuen eta dokumental baten estreinaldia ere egin zen, «Retorno al país de las almas», Jordi Esteva argazkilari eta Afrikan jakituna den kazetariak egina. Lan hau «kalitate handiko dokumentala dela iruditzen zaigu», esan du Bañuelosek. «Jakintza batzuei eta mundua ezagutzeko modu bati buruzko metafora bat da». Dokumentala animismo afrikarrarekin izandako hamar urteko erlazio baten ondorioa dela azaltzen du egileak. Filmean, Yeo Douley gaztea Bettie herrixkara doa erritu bat burutzeko asmoz. Gazteak egiten duen bidean hainbat toki agertzen dira eta bertako errituak erakusten dira. Dokumentalak ezohiko ikuspuntua eskaintzen duela adierazi du Estevak, ikuspuntu afrikarra, hain zuzen; izan ere, gidoia Yeo Douley-rekin batera osatu zuen egileak.
Zikloa «Gizakia eta ur mundua» izenburupean hasi da, «bere formatu eta proposamenetan eklektikoa da zikloa», azaldu du Xabier Bañuelosek. Izenak badu esanahia; «ura bizitzaren iturri gisa eta jendea kulturaren jatorri gisa» ulertu behar dela dio. «Erreka eta jendeari egindako omenaldia da», baina ikuspuntu ezberdinetatik, «bere sinesmenetatik, abenturatik, elkartasunetik, paisaiatik» eta «erreka aurrerapen eta mundu berrietarako ate gisa».
Ziklo honen barruan, dokumentalari buruzko solasaldia, Himalaian topa daitekeen jendeari buruzkoa, eta Ibaizabalgo estuarioaren garapenari buruzko hitzaldi bat ere izango da. Beste hainbat gai ere jorratuko dira, beti natura eta kultura ezberdinen ingurukoak. Dokumentalari buruzko hitzaldia Donostian izango da gaur Larrotxene kultur etxean.