Fiskala Aurore Martin Espainiaratzearen alde azaldu da, «oinarri aski» ez badago ere
Arantxa MANTEROLA
Euskal Herritik Bearnoko hiriburura elkartasuna adieraztera joandako berrogei bat herrikidek lagunduta joan zen atzo Paueko auzitegira Aurore Martin Batasuneko kidea. Soilik gutxi batzuek izan zuten aretora sartzeko aukera. Bertan, Baltasar Garzon epaileak Estatu frantseseko Justiziari Martinen aurka egindako euroagindu eskaera aztertu zen.
Auzitegi Nazionaleko epaileak «2005 eta 2008 bitartean erakunde terrorista batean parte hartzea» leporatuta, iazko uztailean bideratu zuen eskaera. Alta, atzokoan, epaileak berak aitortu zuen akusazioaren oinarria «eskasa» dela.
Hiru aukera
Fiskala iritzi berekoa izan arren, euroagindua onartzearen alde agertu zen, «europar estatuen artean akordioak daudelako eta elkarren arteko konfiantza hobetsi behar delako».
Mahaikidearen abokatuak, berriz, eskaera ez onartzeko eskatu zion auzitegiari, «legeak berak arrazoi politikoengatik ezin daitekeela euroagindurik ontzat eman» esaten duela nabarmendu ostean.
Epaileak datorren asteartean, ekainaren 8an, jakinaraziko du bere deliberoa. Hiru aukera ditu: Garzonen eskaerari men egitea, atzera botatzea edota informazio gehigarria eskatzea. Azken hori hautatuz gero, seguru asko, beste bi aste hartuko lituzke epaimahaiak erabakia finkatzeko. Bitartean, Aurore Martinek baldintzapeko askatasunean segituko du eta, beste neurrien artean, egunero jendarmerian sinatzen jarraitu beharko du.