GARA > Idatzia > Euskal Herria

Osakidetzak ginekologia zerbitzua murriztu izanak protesta eragin du Gasteizen

Osakidetzak ohiko azterketa ginekologikoak bere zerbitzutik kendu dituela salatu du Gasteizko mugimendu feministak eta sindikalak. Emakumeen beharretara egokituriko zerbitzua ezar dezaten aldarrikatu dute.

p014_f02_148x092.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA | GASTEIZ

Gasteizko mugimendu feministak eta sindikalak ginekologia zerbitzuen murrizketekiko desadostasuna agertu dute, izan ere, Osakidetzak ohiko azterketa ginekologikoak egiteari utzi dio. Are gehiago, murrizketa horien berri Lakuako Osasun Sailburu Rafael Bengoak hedabide batean egindako adierazpen batzuei esker izan dutela baieztatu zuten.

«Neurri horrekin, geure ugalkortasunaren kontrola baliogabetu eta emakume izateagatik egokitzen zaizkigun hainbat gaitzen prebentzioa desagerrarazi du Osakidetzak». Orain arteko zerbitzua «tamalgarria» zela eta ondorioz «itxaron zerrenda amaigabeak» ez jasateko emakume askok klinika pribatuetara jo behar zutela aitortu zuten.

Alde batetik, emakumeen ginekologia arloko osasun arreta sistema eraldatzea ezinbestekotzat jotzen du Gasteizko mugimendu feminista eta sindikalak. Eta, bestetik, Osakidetzak arreta ginekologikoa murrizteko azaldu dituen arrazoiei dagokienez, euren ustez, ez dira ez kliniko ez zientifikoak, «ez baita horrelakorik dioen ikerketarik existitzen» eta, beraz, Osakidetzak erabaki hau «ikuspuntu murriztaile batean oinarrituta» hartu duela ondorioztatu dute.

Aurreko arrazoiak medio, hurrengo larunbatean, 11.00etatik 14.00etara, Andra Mari Zuriaren plazan emakumeen beharretara egokituriko ginekologia zerbitzua ezar dezaten eskatzeko erreklamazio orriak betetzeko mahaia jarriko dute.

Bestalde, Gasteizko Santiago Ospitaleko ELA, LAB eta ESK sindikatuek urtarrilaz geroztik larrialditarako ebakuntza-gela astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan, 8.00etatik 11.00etara, programatutako kirurgia egiteko erabiltzen ari direla salatu dute. Ordutegi honetan larrialdi bat gertatuko balitz, libre dagoen ebakuntza gelarik ez litzatekeela izango ohartarazi zuten bidalitako ohar batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo