«Egunkaria, amets baten historia», sorreratik itxierara arteko ibilbidea
Euskal Herriko Unibertsitateko lau kidek egindako bi txosten jasotzen ditu Ttarttalok argitaraturiko «Egunkaria, amets baten egia»-k. Liburuak «Egunkaria»ren bizitza azaltzen du, sorreratik itxierara artekoa.
Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA
«Egunkaria, amets baten historia» zazpi urte hauetan «Egunkaria»ren aurka egindako akusazioen eta esandako gezurren kontrapuntu zientifikoak ematen ditu. Auziko defentsako abokatuei otu zitzaizkien, baina epaiketan onartu ez ziren bi ikerketa perizial azaltzen zaizkigu bertan. Txosten horiek Euskal Herriko Unibertsitateko Kazetaritza saileko Txema Ramirez de la Piscina eta Teresa Agirreazaldegi doktoreek, eta Pedro Ibarra eta Ramon Zallo katedradunek burutu zituzten eta «Egunkaria»ren bizitza bera aztertzen dute. Epaiketan ez ziren bi txosten horiek onartu lekuko-froga gisa.
Bi txostenak ezberdinak dira. Batetik, lehenengo ikerketa periziala, «Egunkaria»ren aurrekariak azaltzen dituena; «nola sortu zen, zein jendez osatu zen eta nola bideratu zen», azaltzen du Juan Mari Torrealdai «Egunkaria»ko Administrazio Kontseiluko lehendakari ohiak eta «Jakin» aldizkariko zuzendari zenak. Gainera, ««Egunkaria» euskal gizartearen ondare kultural gisa islatzen da» eta egin zuen ibilbidean, bere euskal zaletasunetik planteatuta beti ere, «ahalik eta zabalena» izateko egin zituen saiakerak ere aipatzen dira. Hori guztia ikerketak aurkezten duen tesiaren barruan sartzen da; izan ere, «epaiketara begira egin ziren». Baina, argi utzi nahi den ideia bat ere badu, «Egunkaria, amets baten egia» liburuak, hots, «ez zela politikatik abiatu, euskal zaletasunetik» baizik.
Horrez gain, «Egunkaria» itxi zutenean hainbat alorretan sortutako «hondamendia» ere erakusten da liburuan zehar, bai «adierazpen askatasunaren ukapenagatik», baita «beste alderdi guztiengatik»; hala nola, jendearekiko, irakurleekiko, hornitzaileekiko, bezeroekiko edo euskararekiko, izan ere, «euskarazko egunkari bakarra zen» garai hartan.
Bigarren zatia, bigarren txostenarena alegia, «Egunkaria»ren analisi bat dela dio Torrealdaik. Izan ere, egunkariaren nortasuna islatzen zuen zerbaiten bila aritu ziren bere lehenengo orrialdeetan, argitaratu zituen artikulu motetan, erabilitako ikuspegian eta baita bertan parte hartu zuen jendearengan ere.
«Hau amets bat da esan zuen Torrealdaik, amets baten historia, eta amets baten egia» da hemen kontatzen dena. Epaiketa gertatu arteko «Egunkaria»ren historia kontatzen da liburu honetan. Gero «amets gaiztoa gertatu zen».
Azken finean, liburu honetan hamabi urtez aurrera egin zuen proiektuari buruz hitz egiten da, bere hasierak, parte hartzaileak, nolakotasunak eta baita itxieraren ondorioz utzitako hutsuneari buruz.
«Hilabete honetan uste dut aterako dela amets gaiztoari buruzko liburua», epaiketari buruzko kronika gisako bat izango dena.