GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ana Eizagirre EHIGE Gurasoen Elkarteko koordinatzailea

Eskola txikietan kalitate handiko irakaskuntza jaso eta haurtzaro zoriontsua izaten dute gure ikasleek

 

Herri edo auzo batean paseatzen garenean, berehala konturatzen gara «lo-hiri» bat den edo, ostera, elkarrekin bizi den komunitatea existitzen dela ikusten den. Bizitza hori existitzen dela erakusten duen faktoreetako bat eskola da. Umeen barreak patioan, familien joan-etorriak, askari eta jarduerak eskola inguruan. Horrek guztiak erakusten digu zer nolako pertsonak bizi diren herri horretan eta nolakoak diren euren arteko erlazioak.

Celestin Freinet XX. mendeko pedagogo famatuak hauxe esaten zuen: «Eskola txikiak, bospasei ikasgela edo gutxiago dutenak, leku atseginak dira oraindik ere, aukera ematen baitute elkar ezagutzeko eta elkar aintzat hartzeko, eztabaidarako gune ere badira eta ikasleak ezagutzea ahalbidetzen dute».

Eskola txikien kalitatea non datza? («balio erantsia»). Hasteko, pertsonengandik hurbil dagoen eskola da, umeen arteko harreman estuak, emozioen etengabeko presentzia eta besteenganako ardura lantzen da. Ume bakoitza inportantea da, eta ezberdinak direlako, estrategia ezberdinak, mundua ulertzeko modu ezberdinak, adin ezberdinak, aniztasuna... presente daude. Hezkuntza prozesuetan umeek dute balioa, bakoitza bera izateko posible delako.

Gure eskolak umeen interesak kontuan hartzeko aukerak ematen ditu. Zentzua duen ikasketa ahalbidetzen du. Ikaskuntza esanguratsua errazten du. Antolakuntza malgua izateko aukera dugu, aniztasunari erantzun ahal izateko talde heterogeneoak... Interakzioan ikasten dute gure haurrek, ikaskuntza dialogikoan oinarritzen da: adin ezberdinen artean, gurasoekin, kulturarekin. Eta elkarlana sendotzen da, ikasleei, irakasleei eta gurasoei elkarreraginean aritzeko aukera handiagoa ematen dietelako hurbiltasunak eta elkar ezagutzeak.

Esperientziak erakutsi digu ikas prozesurako aberastasun ikaragarria dela gela berean hainbat adinetako haurrak izatea. Lan erritmoa haur bakoitzari egokitzen zaio, irakaskuntza haurraren beharretara moldatzen da. Kanpotik etortzen diren haurrak oso erraz integratzen dira, euskara ere oso erraz jasotzen dute, oraindik ere kalean jolasteko ohitura handia dagoelako eta horrek harremanak eta hizkuntza hobetzeko aukera ematen die.

Herri txikian egoteagatik ez da kontaktua galtzen, eskola arteko harreman proiektuak osatzen dira, eta hainbat eskolatako haurrak ekintzak egiteko biltzen dira: eguneko irteerak, egonaldiak, kirol topaketak, antzerki topaketak, aldizkaria, blog-ak...

Irakasleen arteko bilerak, hobekuntza eta koordinazioa hilero lantzen dira eta ikasturte amaieran irakasleak eta gurasoak topaketetan biltzen gara.

Eskola herrian txertatuta dago, eta haurrek komunitateko kide garrantzitsuak direla sentitzen dute, eskolak herriko bizitzan parte hartzen duelako eta emateko zein hartzeko berriak bitartekari direlako. Hiritartasuna erraz lantzen da baliabide hauekin. Familien arteko harremanak ere sustatzen dira, eta kanpotik etorritakoak errazago integratzen dira, berdinen arteko erlazioak mantentzeko gune aproposak topatzen dituztelako. Herrietan etxebizitza merkeagoak izateaz gain, Eskola Txikia izateak familia berrien gerturatzea ahalbidetu du, eskola egoteak beste bizitza kalitate bat eskaintzen duelako. Eskola txikiek gure herriak indartzen dituzte, bizirik mantentzen dituzte, hezkuntza ereduak bat dira, galdu behar ez den eredua, eta gure hizkuntza indartu eta bultzatzen dute.

Orain 25 bat urte hainbat eskola txiki desagertu ziren. Globalizazioak «handitasunaren balioa» ekarri zuen eta herrietako eskolen garrantzia ahaztu egin zen. Baina gurasoek eta herrietako biztanleek bazekiten euren eskolek zein balio zuten eta apurka-apurka eskoletako duintasuna eta abantailak ezagutaraziz batzen hasi ziren, eta gaur egun arte elkarlanean jarraitzen dute, momentuko irakaskuntzaren beharrei erantzunez, noski, etengabeko formazioa, koordinazioa, ikasleen arteko harremanak eta eragileen arteko komunikazioa bideratuz, eskola txikietako ikasleei kalitatezko hezkuntza ziurtatuz.

Egun, hiru eskolaren etorkizuna zalantzan jarri du Hezkuntza Sailak: Larraul, Itziar eta Zubieta. Ez da ikasle gutxi daudelako edo gurasoek zein herriak babesten ez dituztelako. Iritzia aldatu egin du Sailak eta lortutzat ematen genuena, hau da, hiru ikastetxeetan ikasle guztiak Lehen Hezkuntza osoa egiteko aukera izango zutela, ukatu egin du. Gurasoek ez dute etsiko eta orain arte egindako lana eta lortutako emaitzak bermatzeko eskatzen diogu administrazioari, berea baita azken hitza, eta aldi berean, gurasoek dituzten eskubideak errespetatzeko eta eskola txikien alde apustu serioa egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo