Gizarte eragilez osaturiko kolektiboa abian, erretiroaren erreformaren aurka
Ainize BUTRON |
«Dirua badago gure erretiroa finantzatzeko, etekinetan hartzea baizik ez da» aldarrikapenarekin Copernic Fundazioa eta Attac mugimenduak izenpetze kanpaina abiatu dute Gobernu frantsesaren erretiroen erreformaren aurka. Estatu frantsesean 54.000 sinadura bildu dituzte. Horrekin batera, erreformaren aurkako kolektiboak osatu dira, eta, atzo, Lapurdiri, Nafarroa Behereari eta Zuberoari dagokiona aurkeztu zen. CGT eta LAB sindikatuek, Bizi eta Attac mugimenduek eta AB, NPA, PS alderdiek osatzen dute, besteak beste, kolektibo hori. Erretretaren eztabaida herritarren artean sustatzeko xedez sortu dute, izan ere. «Gobernuak dio ez dagoela beste aterabiderik, erretreta hartzeko adina gibelatu behar dela, baina gezurra da, badira alternatibak», argitu zuen Claire Deruy Attaceko ordezkariak. Hainbat proposamen egin zituzten atzo: kapitala parte hartzera derrigortu erretiroa mantentzearen ekimenean edo belaunaldien artean lan denbora partekatzea. «Jakinda, erretiroa hartzeko batez besteko adina 59 urtekoa dela eta gazteen langabezia azkarra dela, erreforma horrek ez du zentzurik», gaineratu zuen.
Bilkurak
Kolektiboaren lehen ekimena gai horri buruzko informazio eta sentsibilizazio bilkurak egitea izango da. Donibane Garazi, Uztaritze, Baiona, Bokale, Angelu edo Donibane Lohizunen antolatuko dituzte, besteak beste. «Aukera tekniko gisa aurkezten digute, baina horren gibelean gizarte hautuari buruzko eztabaida dago», zehaztu zuten.