GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA eguraldian aditua

Tenporen aste berezia

Sarri esana nintzen harrituta nengoela eguraldi genero edo aro klase bat eten eta aldatzeko orduan, nola ez zegoen koarta-tenporen lehen asteazkena iristea bezalakorik. Jakina da, bestalde, kontu hauekiko sinesgogorrena ni neu nintzela inguru hauetan. Hemen bertako lagun bati tenporak behingoz bazterrarazteko asmoz hasi nintzela, alegia, jakitun ustekoek «sineskeria» deitu dioten kultur-kozkor zahar eta gogortu honi horzka egin eta aztertu on bat ematen. Hasi banin-tzen hasi, hiru urtarotarako neu nintzen konbentzituena...

Bitxia baita, benetan, data dontsuotan gertatu ohi dena. Memoria meteorologiko pixkarik duena ohartuko da, nola hasiera euritsu eta makur baten ostean, lehen 15 egunak justu, beste 10 egun eder eta apart eskaini zizkigun maia-tzak: 16an hasi eta 26ra arte, 10 zein baino zein...

26an, ordea, haize jakinik ez, batek hemendik, segidan besteak hortik, eguerdi ostean, hirugarrenak harantzagotik... «hauxe pulamentua!» esateko eran, lehen eguna. 10 egunez oskarbi gardenean iraun zuen zerua makarrez betea, ezin garbituz: haize batek baztertzen zituen lainoak, beste haizeak berriro goiko plazara zekartzala. Eta osteguna biki, ostirala zikinago, lanbro-laino itsuak langarka, eguzkirik ikusi gabe; larunbata argixeago, goietan mendebalak erratza pasarazita, dozena-erdi bat ordu eguzkitan genuela, baina sargori errexka azalean itsatsita; eta igandea tapatuago, estaliago, itsasoko umel ezkoari ezin eutsiz, tarteka «lanbro pirina darixola»... astelehena, argituxeago mendebal hego-puntudun bati esker... baina astearte nahiz asteazken goiza, «lehengo lepotik burua», harik eta herenegungo asteazken arratsak itxaropena piztu zuen artio...

Pasa du astea: pasa da koarta-tenporena. Disimulu osoz, ostegun dotorea atzo, zeru argi garden «ibargi diztizarekin» batera, eta gaurko argia erregalia. Ez da zaila asmatzen nondik joko duen kukuak ekainaren 21etik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo