Aitaren etxea
Iñaki LAZKANO
Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzietako irakaslea
Aitaren etxera itzuli zela eta han gorde zituen gauzak jada ez zeudela kontatu zidan aurrekoan lagun min batek. Desagertu zirela. Haurtzaroko oroitzapenak lapurtu balizkiote bezalaxe hitz egin zidan telefonoz, hunkipenez ahoskatuz hitz etenak. Malkoei ezin eutsiz. Aitaren etxeak zutik zirauen arren, arrotza baitzitzaion. Bihotza erauzi izan baliote, gutxiago sufrituko zukeen, apika.
Ez nuen berehalakoan ulertu bere sufrimendua. Aitaren etxetik urrun bizi ez denak ez baitu sekula erbesteratuen malenkoniaren samina sentitzen. Fadoak maite ditu, baina saudadeak ez dio arima urratzen. Ez du nostalgiaren gordina ulertzen. Ahantzita ditu-eta Arestiren poema ederraren hitzak. Alegia, otsoen, sikatearen nahiz lukurreriaren kontra ez ezik, justiziaren beraren aurka ere defendatu behar dugula aitaren etxea.
Uste baino unibertsalagoa da aitaren etxearekin lotutako sentimendu hori, zinki. Europan, behintzat, oso errotua dago. Krzysztof Kieslowski poloniarraren «La double vie de Veronique» (1991) iradokitzailearen azken eszena da, hain justu, horren erakusgarri. Bertan, aitaren etxera itzultzen da Veronique gaztea. Autotik jaitsi eta etxe ondoko arbolaren enborra laztantzen du. Une horretantxe, alabaren presentziaz ohartzen da aita. Ez du alaba ikusten, baina senti dezake. Sustraien deia da.
Inork gutxik daki, baina Kieslowskik bukaera ezberdin bat filmatu zuen AEBetarako. Bertsio estatubatuarrean, aitaren etxera sartu eta hura besarkatu egiten du Veroniquek. Eszena askoz ere esplizituagoa da. Ikusle estatubatuarrek jatorrizko eszena ulertuko ez zutela uste baitzuen zinemagile poloniarrak. Izan ere, estatubatuarrek ez dute europarrok aitaren etxeaz dugun sentimendu berbera. Bizitzan zehar familia batek sarri aldatzen baitu etxez. Eta, horrenbestez, sakratu izateari uzten dio aitaren etxeak.
Tamalez, aitaren etxera itzultzea ez da aski usu. Are gehiago, etxera itzultzearekin amets egiten ez duten munduko hiritar horien guztien patua baino mingarriagoa izan liteke. Etxeak zutik iraun arren, eraikina hutsik egon daitekeelako. Hotz. Bakarti. Lagun minaren aitaren etxea bezain hits. Aitaren etxea ez baita harriz harri eraikitzen. Oroitzapenez, hitzez eta sentimenduz baizik. Maitasunez. Ahanztura makurra da, ostera. Arestiren olerkiaren harriaz baino oroitzen ez baikara. Harriaz, eta ez herriaz.