Agendak, moldakaitzak badira, ez dira politikoak
Israelek egindako basakeriaz esan diren guztiak, gogorrak izanagatik, motz gelditzen dira honelako ekintza bat deskribatzeko. Ziur asko, ez dago hitzik honelako txarkeria azaltzeko, politikaren, zuzenbidearen eta, orokorrean, gizatasunaren arau guztiak sistematikoki apurtzen dituen Estatu horren jokabidea salatzeko, alegia. Ezta gainontzeko estatuen moral bikoitza erakusteko ere. Nolanahi ere, horrelako gertaeren aurrean ikuspuntu aurrerakoi batetik lanean ari diren aktibisten eta taldeen agendaren zurruntasuna erakutsi du itsasontzien tiroketaren kasuak, beste behin ere. Une honetan, zein izan daiteke hein batean indar aurrerakoi horien esku dauden ekimenetatik Israel gehien mindu dezakeena? Tel Aviveko Gobernuaren adierazpenei so eginez gero, OCDE erakundean sartzeko erabakia atzera botatzea ezin larriagoa litzateke. Israel erakunde horretan sartzearen alde azaldu ziren herrialdeak, Europako 19en taldeaz gain, Mexiko, Suitza, Norvegia eta Turkia izan ziren. Horietako edozeinek kontra bozkatzea lortuz gero, Israel OCDEn sartzeko erabakia bertan behera geratuko litzateke, bertako herrialdeek beto eskubidea dutelako. Herrialde horiek dira, Turkiatik hasi eta herrialde eskandinaviarretan amaituz, Israelgo erasoak gehien kaltetu dituenak. Horrexegatik, eta Palestinaren aldeko mugimendua herrialde horietan indartsua delako, presioa hor egiteko une egokia izan daitekeela dirudi.