Goizeko akusazioa, arratsaldean konfiantza
Atzo Aralarrek eta EAk Gasteizko Parlamentuan aurkeztu zuten transakzio-zuzenketak Gobernu frantsesari Jon Anzaren heriotzari buruzko ikerketa sakona egiteko eta batzorde independente baten ikerketa ere eskatzea proposatzen zuen. PSE -PP eta UPyDrekin batera- proposamenaren aurka agertu zen, frantziar zein espainiar justizienganako konfiantza osoa duela eta justiziari bere bidea egiten utzi behar zaiola argudiatuta. Ahaztua zuten, nonbait, zenbait ordu lehenago, parlamentu berean, frantziar zein espainiar justiziengan konfiantza osoa duen alderdi horrek Baltasar Garzon epaileak hasi zuen frankismoaren krimenen ikerketari babesa agertzeko mozio bat aurkeztu zuela, eta mozio horrek honakoa zioen: «Eusko Legebiltzarrak (...) duintasun demokratikoarentzat iraingarria dela uste du Baltasar Garzon epailea akusatuen eserlekuan esertzea Francoren oinordeko ideologikoek, besteak beste, Falange Españolak». Kontua da, ordea, Baltasar Garzon ez duela erakunde faxista horrek auzipetu, espainiar Justiziak baizik, Auzitegi Gorenak, hain zuzen. Nolatan goizean Justiziari egindako akusazioa Anzaren heriotzaren ikerketari dagokionez konfiantza hautsiezina bihurtu zen arratsaldean? Ez da inongo sekretua -eta PSEk ere ondo asko daki- espainiar Justizia politizatuta dagoela, baina gutxienik alderdi horrek bere buruarekin ados jarri beharko luke.