Lehen ministroen etengabeko joan-etorriak kalte handia eragin du Japonian
Faktore kulturalak, ustelkeria, sexu eskandaluak edota hedabideen presioa; hipotesi ugari egin dituzte adituek Japoniako agintarien kargu uzteen zergatia azaltzeko. Yukio Hatoyamarekin, 17 dira azken 30 urteotan Asiako herrialdean izan diren lehen ministroak.
Hiyama HIROSHI (AFP) |
Japoniak 17 lehen ministro izan ditu 30 urteotan, eta gehiegizko txandakatze horrek munduko bigarren potentzia ekonomikoa denaren garapena oztopatu eta herrialdeak nazioartean duen garrantzia mugatu du.
Yukio Hatoyamak kargua utzi zuen asteazkenean, karguan zortzi hilabete eskas eman ostean. Hatoyama da azken lau urteetan herrialdeak izan duen laugarren gobernuburua.
AEBetako enbaxadore japoniarrak, Ichiro Fujisakik, bere herrialdeak nazioarteari begira beste behin ere eman duen irudi txarra deitoratu zuen.
«Lehen ministroa herrialdearen aurpegia da», esan zien AEBetako kazetariei. «Hobe litzateke boterean denbora gehiago ematea, eta beste agintari batzuekin harremanak finkatzea».
Iragan urtean, Luiz Inacio Lula da Silva presidente brasildarra, txantxetan, honela mintzatu zen Hatoyamaren izendapenaren inguruan: «Japonian `egun on' presidente bati esaten diozu, eta, `arratsalde on', beste bati».
Esanguratsua da 80ko hamarkadatik bi agintarik besterik ez ez lortu izana karguan bi urte baino gehiago izatea. Horietan azkena Junichiro Koizumi izan zen. 2001etik 2006ra egon zen agintean.
Sexua eta ustelkeria
Kargua utzi duten agintari gehienek ematen dituzten argudioak, hauteskundeetan izandako porrotekin, edota sexuarekin zein ustelkeriarekin lotutako iskanbilekin dute zerikusia.
Analista politiko batzuen aburuz, beste arrazoi batzuk ere izan daitezke, hala nola Japoniako politikaren berezitasunak, faktore kulturalak edota komunikabideen presioa, hilabete gutxi batzuen buruan lehen ministro batek jendartean duen ospearen gainbehera eragiteko gai dena.
Gainera, karguan izandako azken lau agintariak «ahoan zilarrezko koilara» zutela jaiotako «ondorengoak» izan dira. Izan ere, lehen ministro izandakoen seme edo bilobak dira eta, sarri, herrialdea zuzentzeko gaitasuna ez dator bat haien abizenak duen prestigioarekin.
Hatoyamaren kasuan, Sadafumi Kawato Tokioko Unibertsitateko irakaslearen ustez, «hedabideek iritzi publikoa manipulatu dute», lehen ministroak «kargua utzi beharko al lukeen etengabe galdetuz».
Hedabideak zelatan daude «kazetarien galderei egunean bi aldiz erantzun behar duten» lehen ministroen akatsen esperoan.
«Normala da Gobernu batek lehenengo sei hilabeteetan ezer ez lortzea. Baina prentsak porrotak baino ez ditu kontuan hartu», gaineratu zuen.
Yukio Hatoyama lehen ministro ohiaren ordezko izateko aukera handiena duena Naoto Kan da, egun Finantza ministroa dena, Kyodo agentziak aditzera eman zuenez. Gaur egingo da bozketa «Dieta»-n, Japoniako Parlamentuan.