GARA > Idatzia > Kirolak> Tenisa

Roland Garros

Schiavone-Stosur, inork espero ez zuen finala

Adriano Panattak lorturiko balentria errepika lezake italiarrak, Dementievaren lesioaz baliatu ostean. Stosur australiarrak airean garaitu zuen Jelena Jankovic.

p028_f02_111x111.jpg

Arnaitz GORRITI

Ustekabeak eman zituen emakumeen finalerdietako jardunaldiak. Elena Dementieva eta Jelena Jankovic ziren biharko finala jokatzeko faboritoak, baina Franciasca Schiavone italiarraren eta Samantha Stosur australiarraren aurka galtzaile atera ziren, hurrenez hurren. Apustuak egiten dituzten horiek nahikoa diru izango dute patrikan orain, baina noren alde egin beharko dute biharko final handian?

Samantha Stosur-ek final-zortzirenetan Justine Henin eta ostean Serena Williams, aurreneko serie burua, bota ostean, airean eraman zuen Jelena Jankovic serbiarra. Bapo nabarmendu da aurten lur gainean 20 partida irabazita, bere eskuinaz nahi izan duen guztia eginda. Izan ere, lur gainean ederki asko moldatzen da zazpigarren serieburua. Brisbaneko tenislariak Charleston-en irabazi du aurten, eta finalera iritsi da Indian Wells eta Stuttgart-en.

Hala, Roland Garros irabazi zuen azkenengo emakume australiar Evonne Goolagong-en lekua har lezake Stosur-ek. Garaipen hura 1971n izan zen. Azkenengo finalista, berriz, 1979an izan zuen Australiak Parisen: Wendy Turnbull. Alabaina, honek Chris Evert handiaren aurka galdu zuen.

Finalak galtzeko baina, jokatu egin behar dira. Italiak bihar izango du aurreneko emakumezko finalista Grand Slam-eko txapelketa batean. Elena Dementievak min hartu zuelarik, 30 urteko Franciasca Schiavonek lortu zuen aipatu balentria. Aurreneko seta 7-6 irabazi zuen italiarrak, eta, hau amaitzeaz batera, txapeldun olinpikoak ez zela jarraitzeko gai onartu behar izan zuen.

Italia sekula ez da tenislari handiak eman dituen herrialdea izan. Orain arte, Roland Garrosen garaile bakarra izan dute: Adriano Panatta, 1976an.

Bestetik, gaur jokatuko dira gizonen bi finalerdiak ere. Alde batetik, Robin Soderling eta Tomas Berdych neurtuko dira. Bigarren neurketan, aldiz, Jurgen Melzer austriarra Rafa Nadal ezustean harrapatzen ahaleginduko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo