GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lehen Mailako Buruz burukoa

Inor erabat ase ezinda

Irujok jokatu gabe denbora gehiegi daramala esan du, eta Patxi Ruizek, inork ez duela bera kontuan hartzen.

Jon ORMAZABAL

Atzo Astelenan egindako finalerdietarako material aukeraketan txapelketa osoan gertatu dena errepikatu zen. Alegia, aurrean, ustez, plater onenak izan arren, inor ez dela erabat ase geratzen. Eibarren pilotek ez zuten eztabaidarako aitzakiarik eman, baina Martinez de Irujok berriz errepikatu zuen sistema ez zaiola gustatzen eta Patxi Ruizi ere ez dio grazia handirik egiten Iberokoa horren faborito irteteak -dirua doblean irtengo da bere alde-.

Finalerdietan harmailak beteko direla dirudien arren, argi dago sistema berriak ez duela zaleak erakartzen asmatu eta pilotariak ere ez daude oso gustura, ez behintzat Juan Martinez de Irujo. Txapeldunaren hitzetan, lehiak jarraikiagoa izan behar luke eta onartu zuen oso luze egin zaiola. «Azken partida jokatu nuenetik -Oinatz Bengoetxearen aurka izan zen eta, gainera, galduta ere, aurrera egin zezakeen- hiru aste pasatu dira eta zenbait partida jokatu nahi izan ditut binaka. Aurkezpen egunean esan nuen moduan, partida ofizialik jokatu gabeko denbora tartea gehiegizkoa dela uste dut. Irailean hasi genuen denboraldia eta orain hiru aste itxaroten egon beharra larregi da, buruari buelta gehiegi ematen dizkiozu... Entrenamenduei dagokienez, lehen astean saio gogorrak prestatu zizkidaten eta partida hurbiltzen doan eran arintzen joaten dira. Entrenatzera joatea gero eta zailagoa egiten da», azaldu zuen Aspekoak.

Txapelketa honetan inork pozik egoteko arrazoirik badu, hori Patxi Ruiz da, izan ere, hamaika lesio eta oztoporen ondoren, berriz ere handienen artean dago, txapeldun izatera eraman zuen mailatik hurbil.

Presiorik gabe

Dena dela, eta nahiz eta jende guztiak Martinez de Irujo faborito garbitzat jotzeak urduritasunik ez izaten laguntzen dion, Asegarceko web orrialdean egindako adierazpenetan nolabaiteko haserrea sumatzen zaio. «Katedrak dirua bere alde botako du, badirudi nik ez dudala finalerdia jokatzen, baina badakit nire mailan jokatzen badut, irabazten ahal diodala».

«Aurten lan handia egin dut eta hemen egotea merezi dudala uste dut. Lana eginez bizkarra eta dena hobetu dut, eta berriz ere finalerdietan sartu naiz», gaineratu zuen.

Bien bilakaera oso ezberdina izan den arren, inork ezin du ahaztu bien arteko azken aurrekaria, 2005eko finalerdietan, oso lehia estua izan zela eta tanto bakarraren aldeak eman ziola Donostiako Atanon finalerako txartela Irujori. «Bost urte pasa dira eta igandekoak ez du batere zerikusirik. Biok helduagoak gara orain, gauzak aldatu dira eta erabat desberdina izango da. Nahi nuke berriz ere hogeita bana joatea, nik irabaztea eta jendeak gozatu handia hartu ahal izatea», adierazi zuen Juan Martinez de Irujok.

«Noski gogoratzen naizela, sekula buruz buru jokatu dudan partidarik handienetakoa izan zen, tanto bakarragatik egin zidan ihes finalak eta gauza asko oroimenean ditut», gogoratu zuen Lizarrakoak.

Iganderako, bere asmoa pilotak gurutzatzea eta partida luzatzea izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo