GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Bilboko Liburu Azoka

Bilboko Areatza «altxorren uharte» bihurtu dute milaka liburuk

Liburuak altxorrak badira, milaka harribitxi izango ditugu aurten ere Bilboko Liburu Azokan. 40. edizioa betetzen duen ekimena inoiz baino ugariago dator, solasaldi, mahai inguru eta solasaldiei dagokienez, eta liburuak %10 merkeago salduko ditu gainera. Ekainaren 13a heldu bitarte, bertako hirurogei salguneetara ehun idazle inguru hurbilduko dira, etxekoak gehienak, irakurleak gertutik ezagutu eta liburuak izenpetzera.

p034_f02_148x168.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Bilboko Liburu Azokak atzo eguerdian burutu ekitaldi xumearekin ireki zituen ateak. Aurten 40. edizioa duen feria ekitaldiz lepo dugu, eta Asier Muniategi bertako arduradunaren esanetan, «euskal idazleei eman nahi die protagonismoa», aurkezpen, mahai-inguru eta besteren bitartez.

«Liburuen mundua altxorren mundua da» esanda hasi zen irekiera ekitaldia, eta Angela Figuera (1902-1984, Bilbo) poetaren «La sangre» olerkia irakurri zuten gero, «tragikoa da, baina bikaina». Horren ondotik, Bilboko Liburu Azoka etxekoa duten lau euskal idazlek hartu zuten hitza, Kirmen Uribe hasita. Ondarroarrak Nabokov hartu zuen ahotan. Errusiarrak esana omen da «idazleak, beste ezeren gainetik, sen onez jokatu behar zuela, eta horretarako etxetik atera eta irakurleekin egotea zuela onena». Eta horretarako, Bilboko Azoka, idazle harrobi ederra omen dena, ezin «aproposagotzat» jo zuen. Juan Bas agertu zen gero mikrofono aurrera. 2002an «Alacranes en su tinta» liburuagatik Zilarrezko Luma jaso zuen egilearentzat, «Zazpi Kaleak nire etxearen luzapena dira, eta, beraz, Liburu Azoka egongela».

Jon Arretxek ere ezaguna du gero eta osatuago ikusten duen Bilboko Azoka, «ondo egindako lanaren emaitza». Bukatzeko, Toti Martinez de Lezeak, ohiko graziarekin, eguraldia hartu zuen ahotan, eguzki edo euri, «liburu saltzaileak beti kexuka» ari direla eta. Gero, hurrengo egunetarako iragarpena egin zuen, eta eguraldia kili-kolo ikusten zuenez, irakurleak azokara gonbidatu zituen, «ohi bezala, ondo pasatuko dugu eta».

Ekitaldiari Bilboko alkate Iñaki Azkunak eman zion amaiera. Inoiz baino apalago, «hauen aurrean ez daukat zereginik» esan eta, irakurle amorratu, «politikariak alde batera utz ditzakegu, idazleak ez». Atzetik, Muniategi plaza-gizonak bat-bateko bertsoa ere bota zuen, ahots sendoz.

Behin irekita, azokak ekainaren 13ra arte izango ditu liburuak salgai, ohiko salneurriaren %10 merkeago. Ekitaldiei dagokienez, gaur goizean Eduardo Mendoza idazle ezagunak «Tres vidas de santos» aurkeztuko du bertan, Jose Luis Urrutiaren laguntzarekin, eta arratsaldean hitzaldia emango du Bidebarrieta Kulturgunean, «Literatura eta umorea» gai hartuta. Astebukaeran ez da izango ekitaldirik, eta astelehenetik aurrera, berriz, hitzordu andana izango da, inoiz baino gehiago.

Sinadurak eta lumak

Azokan 60 saltoki daude, liburudenda, argitaletxe, erakunde eta banatzaileek atonduak. Eta haiek betetzen, liburuez gain, ehun idazle inguru izango dira egunez egun, aleak sinatu eta irakurleak aurrez aurre ezagutzeko asmoz.

Salmenta guneez gain, Areatzan paratu Liburu Azokak aurkezpen aretoa ere badu, solasaldi edo mahai-inguruetarako. Gainera, erdigunean den erakustaretotxoan, azokaren historia laburra eman dute, zailtasunekin abiatu zenetik hona egin duen bide oparoa erakutsita.

Bertan ematen da, esaterako, azokak komunikabideetan izandako oihartzunaren berri, baita bertatik igarotako idazleen zerrenda luzea ere -asko eta asko argazkietan-. Besteak beste, eta gutxi batzuk aipatzearren, eta nazioartekoen buru, Gao Xin Jian eta Jose Saramago Nobel saridunak, edo Mario Benedetti oroitua eta Gioconda Belli.

Gainera, sarien bilakaera ere azaltzen da. Urrezko Luma, aurten Andres Urrutia euskaltzainburuak jasoko duena, eta Zilarrezko Luma -honakoa Asa Larsson suediarrak, iaz azokan gehien saldu zuen egilea izan omen zelako-, 1992an sortuak dira, eta orain hamarkada bat- edo, aurten Katixa Agirrerentzat izango den Zazpikale Saria, eta Kritika Saria -atzo Amelie Nothombek jaso zuena-.

«Haur besoetakoa», emakumearen begiradan

Uda heldu aitzin, Bilbo Zaharra Forumak Jon Miranderen «Haur besoetakoa» izango du hizpide hiru saiotan, Miranderen lana irakurketa publikoan eman baino lehen (ekainaren 16an, Arriaga antzokian).

Atzo, Josune Muñoz, Laura Mintegi eta Katixa Agirrek ireki zuten ekimena, «Ikaragarritasunean mamitutako edertasun inposible bat» azpititulu hartuta. Muñozek kritika literario feminista bat egingo dio zuberotarraren lanari, darion «misoginia, sadismo, tratu txarrak, indarkeria...». Agirrek Lolitaren mitoarekin lotuko du Miranderen lana, Nabokoven liburutik sortu mitoa baitu bere tesiaren ardatza. Eta Mintegik -intzestuaren gaia jorratua du «Bai baina... ez» nobelan-, irakurketa psikologikoa egingo du, «batez ere gizonarena, nolako jokaera duen gizartearekiko...».

Hizlarien esanetan, «modernoa da oso, egungo irakurketa eginda ere» «Haur besoetakoa» -1954an idatzia, egilea hil ondoren argitaratu zen, 1970ean-. Euskal literaturaren gailur, «behin eta berriro bueltatuko gara nobela honetara», diote hizlariek. «Baztertua izan zen, gizartean beti tabu izango diren gaiak jorratzen dituelako». Gainera, «oso modu unibertsalean agertzen ditu gaiak. Egunera ere ekar daiteke nobela, eta gure gizartetik at ere ulertuko litzateke, konbentzionalismo askoren aurka jotzen baitu; arau hauslea da», eta klasiko bihurtua.

Datorren ostegunean Txomin Peillenek eta Pablo Joxe Aristorenak gai bera izango dute hizpide, eta Bernardo Atxagak emango du azken hitza, ekainaren 15ean.

A. B.

Euskarazko sormenaren eta sortzaileen udaberri izateko jaioa, Larrabetzuk bigarren Literaturia jasoko du

Iaz sortutako egitasmoa da Literaturia, Larrabetzuk jasotzen duen literatur gunea, salmenta eta merkatuari baino sorkuntzari eta sortzaileei kasu handiagoa egiten dion plaza irekia.

Bertan sortu zen giro polita eta truke emankorra garatzen jarraitzeko asmotan, bertan da bigarrena, gaur hasi eta igandera arte. Eta izenak argi erakusten duen moduan, literatur sorkuntza nagusi izango bada ere, arte eszenikoek zein zuzeneko musikak ere izango dute beren txokoa hasieran aipaturiko Bizkaiko txokoan.

Herri abegitsua da Larrabetzu, gaur 20.00etako harrera ekitaldian argi geldituko dena. Gero, «Haragizkoa» ikuskizuna taularatuko dute Omar Navarro poetak, Edorta Jimenez (bai, bitan banatuko da mundakarra) eta Rafa Rueda musikariak. Eta azkenburuko legez, Joseba Tapiaren soinu gozoa entzungo da plazan. Lasartearrak «Eta tira eta tunba» lan berria aurreratuko du, txaranga moldean eta Karlistadak gai hartuta, irailean argitaratuko bide duena.

Eta ostiral iluntzea grina pizteko baliatuta, larunbata goiz erdituko da. Hasteko, 10.00etan, Literatura Eskolak gidatuta, «Irakurle taldeak Euskal Herrian» solasgai hartuta, Durango, Igorre, Iurreta, Santutxu, Markina-Xemein, Meatzaldea, Basauri, Amezketa, Donostia, Legazpi, Zumarraga eta Larrabetzu bertako taldekideek beraien esperientzia kontatuko digute, parte hartze ezin zabalagoan.

Eguerdi partean, udaberriak euskaraz loratu dituen liburuak aurkeztuko dira, beti ere idazleen partaidetza aberatsarekin (bertaratzea duten heinean). Eta Larrabetzuko umeek egingo duten antzezpenaren ondoren, bazkari oparoa izango da izena ematen duen ororentzat. Bazkalostean, loak ez hartzeko, eta Josu Goikoetxea gidari dela, Bertso Trama Literarioa, bertsolari ere badiren Uxue Alberdi, Xabier Amuriza, Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbio artista polifazetikoekin.

18.00etan, Anguleri kultur etxeak Dejabu taldearen «Azken Portu» ikuskizuna jasoko du, gaztetxoenei zuzendua, eta Oier Guillanen olerkietan oinarri duen «Eskuen sustraiak» izango da 20.00etan Hori Bai gaztetxean.

Gaua arriskutsu bihurtzen hasten denerako, Gose arrasatear hirukote elektrikoak beteko du gaztetxea, eta garraztu baino lehen, gauerdi bueltan, «Bi hitz Beats & Bits», gautxorientzako.

Igande goizez, gogor hasi eta esnatzeko, «Euskarara itzulitako liburuak dira euskarazko literatura onena?» galdera erantzungo dute Koldo Izagirre, Angel Erro eta Petra Elser literaturgile itzal handikoek, Miren Ibarluzearen sokari tiraka.

Eguerdiz, eta bazkaldu baino lehen, ohitura bihurtzen joan dadin argitalpen freskoenen aurkezpenak egingo dira berriro, irakurlearen galderei irekiak beti ere, eta behin tripa beteta, 18.00etan, helduentzako «Eta Karmele?» lana antzeztuko dute Hori Bai gaztetxean. Horren ostean, eta aurtengoz Literaturia agurtzeko, poesia irakurraldia areto berean, Karmele Igartua, Xabier Montoia, Igor Estankona eta Paddy Rekalderen ahotsetik.

Umeek gainera, egitarau propioa izango dute: Literaturiatxua. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo