GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Eurovision jaialdiaren alde

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Beti berdin hasten da; ukitu etnikodun aurkezle batek bere irri «naturalena» jarri eta argiak dantzan hasten dira. Eszenatoki erraldoian kea da nagusi eta musika entzuten hasten denean argiak erotu beharrean jira eta biraka dabiltza. Maila goreneko arraza bateko kide perfektuak diruditen gazteak binaka ateratzen dira eszenatokira, argiek emandako atsedenaldi kalkulatua profitatuz. Neska eta mutila, neska eta mutila, guztiak perfektuak. Teklatuek tempo geldo eta iraunkorrez unearen intriga areagotzen dute, gazte perfektu horietako batek mikroa baldar antzera hartu, aho, noski perfektura hurbildu eta kantatzen hasten den arte. Argiak berriro asaldatzen dira, entzuleria orro eta garrasi erotzeko zorian, badator kantua, kantu lerdo, tentel, ez kaltegarria... badator kantu perfektua.

Eta eszenatokiak biziduna dirudi bat-batean, elefante bat, lau ipotx eta 18 gazte perfektu, guztia da irri eta dantza, tren bat, 200 ardi eta orkestra bat. Irri eta dantza, ibiltzean lurra ukitzen ez duen izaki perfektuari dagokion dantza etereoa. Kantu perfektuak hiru minutu irauten du eta bukatutakoan, txalo zaparrada, banderak airean, garrasi eta zalaparta, futbol partida bat dirudi.... nork sartu du gola?

Berriro hasiko gara; ukitu etnikodun aurkezle batek bere irri.... Eta horrela 20 aldiz gutxienez.

Spain 10 points, Lativia 5 points, Malta 14 points, Israel 25 points........

Badakit, ikuskizun negargarri, aluzinantea dela Eurovision jaialdia, hondoratzen ari den mundu baten azken «ezkongabeen dantza». Baina zer arraio, higuina baino indartsuagoa da puntuazioak eman eta herrialdeen zerrenda amaigabea irakurtzen hasten direnean; Euskal Herria, Basque Country, 16 point ez entzuteak eragiten didan amorrua. Azken jaialdian begiak itxi nituen ametsa beteko zelakoan... berriro zabaldu eta eszenatoki nagusian lore sorta eta aurkezlearen musuak jasotzen Euskal Herriaren izenean ari den euskaldun bat topatzea. Baina ezta pentsatu ere. Beste urtebete itxaron behar... ea hurrengoan.

Azken finean, Eurovision jaialdian parte hartzeko besterik ez bada, mereziko luke independentzia aldarrikatzea. Geuk ere baditugu estralurtarrak diruditen gazte perfektuak, ala ez? Baditugu munduko kanturik tentelenak idazteko gaitasuna duten musikariak, ez al zaude ados? Eta batez ere, badugu herrialde aske eta zoriontsuen festa inbidiagarri, zoriontsu, perfektu horretan parte hartzeko nahikoa berezitasun herri gisa, ez al zaizu iruditzen?

Beraz, normalean Eurovisionen aurka jotzeko dugun ohitura kaltegarria alde batera uztea eskatuko nizuke, irakurle. Noizko EH Eurovision jaialdian? Egun horretan aitortuko digu nazioarteak merezi dugun errespetua. Egun horretan soilik moztuko nuke bizarra, halakorik banu, jakina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo