Natural Project ohikotik ihesi doa «Discontinuidad» lanean
Musika elektroniko, sekuentzia eta ordenagailuen eremuan eman zituzten lehen pausoak, denboraren poderioz pop-rock dantzagarrira bideratu du taldearen musika norabidea. Egun, taldeak berak ekoiztu duen «Discontinuidad» defendatzen ari dira oholtzetan.
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
Musika elektronikoak, sekuentziek eta, batez ere, Ingalaterrako 80ko hamarkadako musika taldeen eraginak lagunduta eman zituzten lehen pausoak duela hamabost urte luze. Geroztik, etengabeko garapena izan du Natural Project-ek, eta taldekideen aldaketekin batera, musika erak ere norabide berriak hartu ditu.
Urte luze hauetan, aro ezberdinak ezagutu ditu talde andoaindarrak. Hasierakoa, iluna, elektronikoa eta ordenagailuz jorratua. Estanis Elorza taldearen sortzaileak horrela dio garai horiek oroitzean: «Gure estrategia entsegurik ez egitea zen. Garai horretan ordenagailua zen gure tresna nagusia, eta bertatik sortzen genituen erritmo eta kantuak».
Alta, 2000. urte inguruan, Get In sustatzaile donostiarrak disko bat grabatzeko eskaintza egin zien, eta aro berri bat ireki zen taldean ingelesez kantatzeari utzi eta gaztelera hautatzearekin batera. Zuzeneko kontzertuak ugaldu ziren, eta, besteak beste, Depeche Mode, Julieta Venegas eta Him taldeen ondoan eskaini zituzten emanaldiak areto handi eta futbol-zelaietan. «Oso esperientzia polita izan zen. Kontzertu handiak, milaka lagun gure aurrean, sekulako soinu ekipoa... baina agian hori ez zen gure gune naturala. Hala ere, asko ikasi genuen ibilera horretatik», adierazi du Estasinek. Kontzertu bira amaitu eta gero, talde era berri bat sortu zuten taldean musika norabide berri bat marraztuz. «Elektronikak eta sekuentziek oraindik garrantzia dute taldearen soinuan, baina gitarra, bateria eta baxua dira egun musika tresna nagusiak. Entsegu lokala da gure kantuak sortzeko gunea orain», azaldu du Aitor San Sebastian taldeko bateria-jotzaileak.
Aro berri bat
Horrela iritsi da «Discontinuidad» diskoa, auto-ekoizpen bidez kaleratua eta iraupen luzeko bigarrena. Milaka dira, kontratu diskografiko baten truke, arima saltzen duten talde eta musikariak, baita gurean ere. Natural Project taldeak diskoetxe multinazionalen mundua ezagutu du, bai eta milaka lagunen aurrean jotzeak sortzen duen zirrara ere. Diskoetxe handi batetik auto-ekoizpenera bueltatzea, taldearen ibilbidean atzerapausoa ez ote den galdegitean, Estanisek argi erantzun du: «Gure bidean beste urrats bat da, inolaz ere atzerapauso bat. Autoekoizpena gure filosofiarekin bat dator, eta gauzak guk nahi eta erabaki bezala egiteko askatasuna ematen digu. Finean, gure eremu naturala areto txiki eta tabernen zirkuituan dago».
«Discontinuidad» diskoak taldeak berak sorturiko bederatzi kantu jasotzen ditu. Gehigarri gisara, diskoaren azken bi kantuak remix pistak dira. DJ Amsiak eta DJ IbanDevicek diskoko bi kantu hartu, eta moldaketak egin dituzte Natural Projecten kantuei aldaera berri bat emanez: «Beti egon gara remix kulturatik gertu, eta diskorako interesgarria izango zela pentsatu genuen», dio Aitorrek. Gainera, taldeak euskaraz eginiko «Ispiluan» kantua ere badakar diskoak, Gorka Merchant zinemagileak «Nire aitaren etxea» filmerako erabili zuen abestia.
Aitor San Sebastian eta Estanis Elorzaz gain, Alberto Bosch (baxua) eta Eñaut Gaztañagak (gitarra) osatzen dute taldea egun; azken hau Grises taldeko kidea ere bada. «Alberto musika arloan erreferente bat izan da guretzat. Lau Behi, Parafunk eta Hotel taldeetan ibili da, eta taldeari esperientzia emateaz gain, nortasuna ere eman dio baxua jotzeko duen era berezi horrekin. Bestetik, bigarren gitarra-jotzaile bat taldean sartzeak zuzeneko indarra potentziatu du, eta, bide horretan, Eñauten parte hartzea garrantzitsua izan da». Zuzeneko emanaldiak dira, hain zuzen ere, taldearen hurrengo erronka.
«Musika talde gisa, eskemak apurtzea da gure helburuetako bat. Gure nahia, ohikeria baztertu eta zerbait freskoa eta erakargarria eskaintzea da. Eta horretarako, dantzara bideratua dagoen musika erabiltzen dugu».
Taldea: Natural Project.
Diskoa: «Discontinuidad».
Diskoetxea: Autoekoiztua.
Kantu kopurua: Hamaika.
Sarean: www.naturalproject.com.
Zuzenean:
Ekainak 5, Komplot (Donostia).