GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Gorpu bikainak

Udalbatza hasi da. «Eta zergak %5 igoko bagenitu... igoera gure artean banatzeko?», esan du zinegotzi batek. Beste bat ados agertu da, eta gero beste guztiak, alkatea barne. Eta horretaz dihardute. Halako batean, zinegotzi bat komunera joan da. Hura han dagoela, alkateak dio: «Tira, lanera». Eta gai zerrendari heldu diote. Itzuli da komunean zegoena eta deshidratatuta dagoela esan die, etxera doala. Hiru egunen buruan, taberna bateko zerbitzariak paper batzuk aurkitu ditu mahai baten gainean. Berehala konturatu da egunero joaten den zinegotzi batenak direla eta ahaztu zaizkiola. Begiratu bat eman die. Testua irakurrita, epailearengana jo du. Epaileak Udalari azalpenak eskatuta, alkateak erantzun dio zinegotzi batenak zirela, hark udalbatzan prestatutako lanerako zirriborroa. Jende askok ez du zinegotzi baten zirriborro hutsa baino ez dela sinetsiko. Eta, nolanahi ere, gehienek pentsatuko dute Udal horretako hautetsiak Cosa Nostrakoak edo, areago, Bilderberg Klubekoak baino gaizkileagoak direla.

Aste honetan albiste izan den txostena guardia zibil baten lanerako zirriborroa zela ere ez da sinesgarria. Eta, egia izanda ere, Guardia Zibilak berak esan zuen txostena operazioa prestatzeko egin zituzten bileretan hartutako datuekin osatua dela. Hala ere, niri «tratu bikaina» aipatzea gertatzen zait harrigarriena. Harrigarria baita sintagma hori Guardia Zibilaren txosten batean. Azalpen koherente bakarra salbuespenak eskaintzen du. Izan ere, behin eta berriz errepikatu digute atxilotuei tratu ona ematen zaiela; beraz, atxilotuak ondo tratatzea araua bada, zergatik zehaztu behar dute atxilotu jakin batzuei eman beharreko tratua? Beste adibide batekin azalduko dut.

Nire lagun batek larunbatero taberna berean egiten du hamaiketakoa. Larunbatero arrautzak txorizoarekin. «Betikoa», eskatzen dio zerbitzariari, eta ez zaio bururatzen «betikoa txorizoarekin» esatea. Behin, ordea, «txorizorik gabe» esan zion... txorizorik gabe nahi zuen eta.

Txosteneko «tratu bikain» hori salbuespena da, nire lagunak arrautzak txorizorik gabe jatea bezain salbuespena.

Ohiko «tratu bikainaren» emaitza milaka lagunen salaketak dira. Baita izen-deiturak dituzten zenbait «gorpu bikain» ere: Joxe Arregi, Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabalza, Gurutze Iantzi... Eta ez dira surrealisten gorpu bikainak, hain justu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo