GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Olatz Olariaga Orioko Errausketaren Aurkako Taldea

Erraustegiari ezetz!

Kezkak elkartu gintuen orain hilabete dezente gaur egungo Errausketaren Aurkako Orioko Taldeko kide garenak. Herritik zazpi kilometro eskasera eraikiko omen zuten azkenean erraustegia, batzuek hala erabakita. Gainera zetorrena munstro izugarri bat bailitzan imajinatzen genuen hasieran, baina pixkanaka eta ezjakintasuna gainditzen joan garen heinean, informatuz, ikasiz, zaborren kudeaketa eredu gisa saldu nahi diguten munstro horrek ekar ditzakeen ondorio larriak zeintzuk diren jakitera iritsi gara. Gizarte egitura kapitalista honetan batzuen poltsikoak beteko dituen diru makina izatea helburu duen obra dela ondorioztatu dugu.

Sortu zenetik, erraustegiak osasunean eta ingurumenean izango dituen eragin kaltegarriak herritarrei azaltzea izan du helburu taldeak. Biribilgune nahiz herriko seinaleetan gezi gorri informatzaileak jarri eta aldarrikapenak pankarta bidez eginez, erraustegiaren arazoa herritarren begien aurrean jartzea lortu dugu.

Hondakinen lege proposamena Legebiltzarrean eztabaida zedin bultzatzeko herrian sinadurak biltzen ibili ginen, nahiz eta denera bildutako 35.000 sinadurak zakarretara joan diren, erraustegia inposatu nahi digutenek hala nahi izan dutelako. Guztiaren gainetik, aurrera goaz, gero eta ilusio handiagoarekin lanean, nahiz eta, era berean, amorrua sortu digun Eusko Jaurlaritzak obrari eman berri dion ingurumen baimen bateratuak. Izan ere, erraustegia egiteko obrak hasi dira dagoeneko Zubietan.

Orioko Udala osatzen duten talde politikoen gehiengoak obra honen kontra dagoela azaldu zuen iazko urriko udalbatzarrean. Udalari eta herritarroi dagokigu orain proiektu suntsizaile honi «Ez!» esatea. Horretarako aukera polita izango dugu ekainaren 6an Orion, Errausketaren Aurkako Egunean. Animatu eta parte hartu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo