Inazio Agirre Ezker abertzaleko kidea
Demokrazia euskararentzat
Euskara berreskuratzeko testuinguru demokratikoa lortzea ezinbestekoa da. Esparru juridiko-politiko berriak argi eta garbi utzi behar du proiektu guztiak egingarriak direla, Euskal Herri euskalduna barneArabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unionisten Jaurlaritza (PP-PSE) euskararen alde hartutako neurri epelak sistematikoki desegiten ari da: euskalduntzen ez duen hezkuntza sisteman murrizketak; Euskal Herriaren ibilbide osoa transmititzen duen euskal curriculuma debekatzen eta curriculum espainiarra belaunaldi berriei inposatzen; Osakidetzan, Ertzaintzan, Administrazioan hizkuntza eskakizunak kentzen, euskaraz jakitea eskatzen zen lanpostu gutxietan, eta euskalduntze planak trabatzen; euskarazko kulturari eta euskalgintzari diru laguntzak gutxitzen, euskarazko komunikabideetan erdara sartzen eta erdarazkoei bide librea uzten; hizkuntza eskubideak urratzen dituzten enpresa handiei isuna barkatzen, eta abar. Jaurlaritzaren mezua garbia da: euskara itotzeko garaia iritsi da; hizkuntza eskubiderik ez!
Euskal nortasuna itotzen ari dira blokeo politikoa mantentzen duten aldi berean; euskara desagertzeko arriskuan dagoenean, Unescoren esanetan; eta esparru erasokor batean: Euskal Herria ukatua, bi estatuen artean zatitua, erabakitzeko eskubidea urratua, eremu zabaletan euskararen ofizialtasuna zanpatua, ofizial denean gutxitua eta Euskal Herri osoan egoera soziolinguistiko minorizatuan. Testuinguru horretan, aurrera ez egitea atzera egitea da. Unionistek (PSOE, PP, UPN, UMP, PSF) jakin badakite hori, eta euskara desagertzeko politika egiten ari dira Nafarroa Garaiko eremu zabaletan eta Ipar Euskal Herrian, eta euskara menperatzeko politika Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
Euskara eta Euskal Herria itotzea ez da gaurko kontua. Espainiako eta Frantziako estatu espantsionisten mendeetako erasoaldiak Euskal Herria eta euskara minorizatu ditu. Nafarroako Estatuaren konkista da Baskonia kulturaz eta hizkuntzaz kolonizatzeko oinarri militar eta juridikoa. XVIII. mendetik aurrera erasoak dokumentatuta daude. Adibidez, 1759an Carlos III.ak gaztelania ez beste hizkuntza guztiak debekatzen ditu bere mendeko eremu guztietan. Penintsulan, Ameriketan, inperio osoan espainiera bakarra inposatuz eta gainerako hizkuntza guztiak ezaba daitezela aginduz.
Inposatze horrek eraginarazi du euskararen eta Euskal Herriaren atzerakada historikoa. Kalte-galera horrek erreparazio historikoa eskatzen du. Euskararen Herria bere lurralde osoan berregitea; euskal komunitatea, iraganean bezala etorkizunean ere, lurralde osoko biztanle guztiek osa dezaten.
Euskara inposatzea da unionisten argudiorik erabiliena euskararen kontra jotzeko; baina ez da inposatzea, lorpen demokratikoa baizik. Euskal Herriaren eta euskal herritarren ezin kenduzko eskubide iraunkorra baita Euskal Herri euskalduna berregitea. Euskal Herria bere lurraldean dagoen komunitate etnikoa baita; Pirinioen bi aldeetan bizi dena, Harri Aroaz geroztik, gutxienez. Euskara Euskal Herriaren nazio hizkuntza da, hizkuntza eta herria elkar loturik daude: euskararik gabe ez da Euskal Herririk eta Euskal Herririk gabe ez da euskararik. Euskara galtzea mendebaldeko Europaren hizkuntzarik zaharrena hiltzea litzateke, eta gizateriaren aniztasunarentzat galera, Euskal Herriaren ekarpena betiko bukatzea.
Unionisten helburua inposatzen jarraitzea da, euskara galtzea edo, gehienez, galdu-gordean edukitzea; hori behar dutela uste dute Espainia eta Frantzia izateko. Ez dut ezer Espainiaren eta gaztelaniaren edota Frantziaren eta frantsesaren aurka, zorion eta osasuntsuki bizi bitez. Nire etsaigoa Estatu nazionalisten eta hizkuntzen erabilera espantsiboaren jarreraren aurka doa. Estatu espantsionistek ez dute bermatzen euskara erabiltzeko euskaldunen eskubide soziala eta unibertsala gure nazioaren lurralde osoan, urratzen baizik. Inposatzea leporatzen diguzue, onartu ez genituen konstituzioen bidez espainol izatera eta erdaraz jakitera behartzen gaituzuenean euskal herritarrak garenoi.
Hizkuntzak eta herriak ez dira galtzen lege burujabeak baldin badituzte, nahiz eta estatu independenterik ez izan. Horregatik ez dira galdu islandiarren, norvegiarren, frantziar-suitzarren eta flandestarren hizkuntzak. Baina euskaldunoi bi Estatu nazionalistek ukatzen digute aukera hori. Esparru honetan, beraz, euskarak ez du etorkizunik. Euskara berreskuratzeko testuinguru demokratikoa lortzea ezinbestekoa da. Esparru juridiko-politiko berriak argi eta garbi utzi behar du proiektu guztiak egingarriak direla, Euskal Herri euskalduna barne. Horretarako, Euskararen Herriak aldaketa politikoa, lurraldetasun printzipioa eta hizkuntza politika nazionala behar ditu Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko. Euskal Estatua ezinbestekoa da.