Sexu-erasotzaileek etxetik gertu jarduten dutela dio ikerlan batek
Cesar San Juan eta Laura Vozmediano EHUko irakasleek «Criminología ambiental: Ecología del delito y de la seguridad» izeneko liburua argitaratu berri dute. Sexu erasoen ikerketan espazioaren garrantzia nabarmentzen dute. Esaterako, bizilekuari dagokionez, erasotzaileen %35 biktimarekin kontaktua izandako lekutik 400 metrora baino gutxiagora bizi ziren, eta %18 hirurogei metro baino gutxiagora bizi ziren, ikerketak emandako datuen arabera.
GARA
Sexu eraso bat ikertzean, eta erasotzailea nor den argitzeko arrastoak bilatzean, «espazioaren ezaugarriek garrantzi berezia izan dezakete» delitugilearen ezaugarriak ezartzeari dagokionean. Horixe da, hain zuzen, UOC argitaletxeak argitaratu berri duen «Criminología ambiental: Ecología del delito y de la seguridad» lanaren giltzarri nagusia.
Liburuaren egileak, Cesar San Juan eta Laura Vozmediano, EHUko irakasleak dira. San Juan Ingurumen Psikologiako irakaslea da unibertsitatean, baita Delinkuentzia, Bazterkeria eta Gizarte Harremanak Ikertzeko Nazioarteko Zentroaren zuzendaria ere. Vozmediano, berriz, EHUko Psikologiari Aplikaturiko Diseinuak irakasgaiaren irakaslea eta Kriminologiaren Euskal Institutuko Ikerketa Unitateko eta Delituaren Ekologia Kontsultako ikertzailea da.
Berrehun orrialde baino gehiagotan zenbait gai landu dituzte, hala nola: delitu-ereduak, Geografia Informaziorako Sistemaren laguntzaz osatuak; serie-krimenen ikerketara bideratutako azterketa geografiko garrantzitsuenen proposamenak; ziberkriminalitatearen ingurumen-bereizgarriak, edo delituari beldur izatearen gako etiologikoak. Era berean, EHUko prentsa bulegoak zabaldu duen bezala, liburuaren egileek kriminalitatearen prebentziorako estrategia berritzaileenetan jarri dute arreta.
400 metrora baino gutxiago
Cesar San Juanek azaldutakoaren arabera, «egin ditugun ikerketen zenbait emaitzek adierazten dute erasotzaile zaharrenak gazteenak baino urrunago joaten direla erasoak egiteko, azken horiek bizilekutik hurbilago erasotzen baitute».
Era berean, frogatzen dute hiru kasutatik bitan erasotzaileek badutela arrazoiren bat biktimarekin kontaktua izandako lekuan egoteko: %29 han bizi zen, %19 gizarte-jarduera informala egiten ari zen, eta %18 jarduera profesionalen bat edo gizarte-jarduera formalen bat egiten ari zen gune hartan. Bizilekuari dagokionez, erasotzaileen %35 biktimarekin kontaktua izandako lekutik 400 metro baino gutxiagora bizi zirela egiaztatu dute argitaratu berri duten lana prestatzean, eta %18 hirurogei metro baino gutxiagora bizi zirela ere bai.
Erasotzailearen jokabideari erreparatuz gero, biktimarengana hurbiltzeko dauden hainbat modutatik, haren egoitzan legez kontra sartzeak distantzia laburragoekin zerikusia duela aipatu zuten ikertzaileek.
Bestalde, 35 urteko gizon bat atxilotu zuten igande gauean Donostiako Herrera pasealekuko etxebizitza batean emakume bati erasotzea egotzita.
Gaueko bederatziak aldera, Udaltzaingoak erasoaren berri izan eta, aipatutako etxebizitzara gerturatu zen. Ustez, eztabaida izan ostean erasotzaileak emakumea lepotik heldu eta hormaren kontra jipoitu zuen. Halako eraso bat jasan duen lehendabiziko aldia dela adierazi zien emakumeak poliziei.
Donostiakoa ez zen izan igandeko eraso bakarra. Ertzaintzak 28 urteko gizon atzeman zuen Barakaldon, bikotekidea ustez erasotzeagatik. Jasotako kolpeak eta sudurreko hemorragia medio Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten emakumea. Azkenik, Bilbon, egun berean ere, Udaltzaingoak 51 urteko gizona atxilotu zuen eraso matxista egotzita. Kasu honetan ere, emakumea ospitalean artatu behar izan zuten.