Hizkuntzaren Neurozientzia Kognitiboaren lehen ikerketa zentroa ireki dute Donostian
Hizkuntza prozesatzeko mekanismo neuropsikologikoak haurrengan, gazteengan eta helduengan ikertzea izango du helburu atzo Donostiako Miramon Teknologia Parkean ireki berri zen Hizkuntzaren Neurozientzia Kognitiboaren lehen ikerketa zentroak.
GARA
Hizkuntzaren Neurozientzia Kognitiboaren lehen ikerketa zentroa ireki zuten atzo Donostian. BCBL zentroa, ingelesez Basque Center on Cognition, Brain and Language, lengoaiaren jabetzea, prozesatzea, ekoiztea eta horren eraginez sortutako arazoetatik datozen mekanismo neuropsikologikoak argitu nahi dituen ikerketa zentroa da.
Donostiako Miramon Parke Teknologikoan ireki berri dutena gisa honetako zentro bakarra da Estatu espainolean. BCBL zentroa 1.500 metro karratuko eraikinean kokatu da.
Azaldu dutenez, neurozientzia kognitiboan «metodo eta teknologia onenak» ditu eskura, besteak beste: begi mugimenduen erregistro unitateak, elektroenzefalogramak egiteko unitateak eta Estatu espainoleko bigarren «babylab», hau da, 3 eta 24 hilabete bitarteko haurren hizkuntza jabetzeko, ulertzeko eta ekoizteko prozesuak ikertzeko bitartekoa.
Zenbait agintari eta adituekin batera, Patxi Lopez lehendakariak parte hartu zuen zentroaren irekieran. BCBL bost proiektutan ari da lanean momentu honetan. Horien artean, garrantzitsuena, irakurketan, arreta arazoetan, dislexian eta arrazoiketa zailtasunetan oinarrituta dagoena litzateke. Granada, Murtzia, La Laguna eta Sevillako unibertsitateekin batera ari da eramaten aurrera proiektu hau.
Boluntario bila
Atzo iragarri zutenez, ikerketak abian jartzeko adin guztietako boluntario bila ari dira, eta ez nahitaez arazo edo trastornoren bat dutenak, adibidez, dislexia edo Alzheimer gaitzak dituztenez gain, arazorik gabeko pertsonak ere baliagarriak dira-eta.
Ikerketan parte hartzeagatik ordaindu egingo dute. Hiru eta hogei euro bitartean, denboraren eta iraupenaren arabera.
Neurozientzia kognitiboan metodo eta teknologia onenak ditu eskura BCBL zentroak. Besteak beste, begi mugimenduen erregistro unitateak.