GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Akabo ipurdi zuri-zuriak

Modak, moda baino ez dira. Saihestu daitezke, horietan ez erortzen saiatu, baina zurrunbiloaren gisara harrapatzen gaituzte hala ere, maiz; nahi gabe, baina, aldi berean, gehientsuenetan nahita.

Azala belztuta eramatea da orain erabat «in» dagoena. Antza, aspaldian zuri-zuri eramatea zen bezalaxe. Hortik, horrenbeste krema, traste eta buruhauste eguzkia hartu eta beltzaran kolorea mantentzeko; telebistako eta aldizkarietako iragarkia ikusi baino ez dago.

Ikertzaileak ere fin dabiltza, moda tarteko, merkatu handia baitute; horregatik azala belzteko sortzen diren produktuen inguruan makina bat lagun eta enpresek egiten dute lan. Azken asmakizuna eguzki izpiak ere pasatzen uzten dituen bainujantzia da. Asmatzaileek diotenaren arabera, eguzki izpien %80k lortzen du bainujantzia zeharkatu eta azalera iristea. Sare baten gisakoa omen da eta, hasiera batean, gardena bada ere, ehunari jarri dioten estanpazioa tarteko, azalera egokitzen denean ez omen da ezertxo ere bereizten.

«Akabo ipurdi zuriak!», diote bainujantzia asmatu dutenek. Bainujantzi hau orokortzen bada, izan ere, osoan eta osorik jarriko gara beltz edo gorri. Baina zenbat alditan egin duzue bainujantzia jaitsi eta uda hasi zenetik hartutako kolorea probatzeko keinu hori? Nola atzeman hori bainujantzi honekin?

Asmakizun berri honek, ordea, bestelako galderak ere eragiten ditu. Eguzkiaren izpiak bainujantzian barrena iristen badira, nola babestu honen azpiko eremuak? Ez da «glamurosoa» antza, bainujantziaren markak agerian geratzea, ondartzan erabiltzen dugun bainujantzia baino kulero txikiagoak jarri eta eguzki markak nabarmentzea. Imajinatzen al duzue, ordea, zuen burua hondartzan bainujantziaren azpian eskua sartu eta trakets eguzkitako krema ematen? Hori bai glamourra.

Zalantza da, zerbait esatearren, zergatik ez duten zuzenean iragarkien bidez bainujantzirik gabe ibiltzera bultzatzen jendea edota, zergatik ez, zuri-zuri mantentzera. Dirurik apenas emango lukeelako akaso?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo