Bhopalgo tragediaren bidegabekeria amaigabea
Hogeita bost urte joan dira Indiako Bhopal herrian Union Carbide pestizida enpresa estatubatuarraren gas isurketa batek milaka hildako eta sendabiderik gabeko milaka eta milaka gaixo eragin zituenetik. Atzo jakinarazi zutenez, Indiako epaitegi batek bi urteko kartzela zigorra ezarri die enpresako zortzi arduraduni. Epaia lotsagarritzat jo dute gas isurketaren biktimek, eta badute hala pentsatzeko motiborik, «istripua» izan zenez, epaiak errudunik ez dagoela esan nahi duela ematen du-eta. Izan ere, kaltetuek eta langileen sindikatuak salatu izan dutenez, enpresa horrek segurtasun neurririk jarri ez izana ere istripua izan ote zen? Bhopalgo lantegiko isuriak ondorio ikaragarriak izan zituen, eta kaltetuen kopuruak enpresa horrek zuen arduraren -kasu honetan arduragabekeriaren- tamainaren erakusgarri dira. Epaia, ordea, ardura horren alderantziz proportzionala izan da. Konpainia handien arduradunek ez diete gizabanako arrunten erantzukizunei aurre egin behar, eta atzo jakinarazitako epaiak bidegabekeria hori berresten du. Union Carbide konpainia izan zenak zortzi arduradun horien kartzela zigor txiki horrekin eta Indiako bere ordezkaritzari ezarritako 8.900 euroko isunarekin kitatu nahiko du Indiako Justizia Administrazioarekiko zorra, baina nekez kitatuko du justiziarekikoa.