GARA > Idatzia > Euskal Herria

Damutzeko presioak jasan dituela salatu du preso batek

GARA |

Nahaia Aguado euskal presoak Langraizeko presondegian izan duten bitartean kartzelariek presio psikologikoa eragin diotela salatu du. Zehazki, amnistiaren aldeko mugimenduak azaldu bezala, bere burua erruduntzat joz eta damua agertuz orri batzuk sinarazi nahi zizkiotela salatu du. Horren ordainetan, Langraizen geratuko zela esaten zioten kartzelariek.

Aguadok uko egin zion orriak sinatzeari, eta ondorioz sakabanaketa eta zigorrak ezartzearekin mehatxu egin zioten.

Amnistiaren aldeko mugimenduak gogor deitoratu ditu presioak eta «EPPK haustea bilatzen duten eskaintzak» behin baino gehiagotan izan direla ohartarazi.

Euskal presoen kontra muturreko neurriak areagotzen dituzten bitartean, EPPK utzi duten presoek espetxe baldintza «hobeak» dituztela eman du aditzera; «asteburuetako baimenak, espetxe erregimen lasaiak eta hilabete batzuen buruan kalean izateko aukera» dutela adierazi du oharrean.

Bestalde, Mikel Garmendia billabonatarra aske geratuko da gaur, ezarri dioten 15.000 euroko fiantza ordaindu ondoren.

Euskal presoen eskubideen alde 78 lagun bildu ziren atzo Ondarroan; 75 Santurtzin; 53 Laudion; 52 Oiartzungo Ergoien auzoan; 42 Iurretan; 30 Ataunen; 15 Bermeon; 25 Zaldibian; 21 Bilboko Otxarkoaga auzoan; 16 Zaldibarren;19 Zorrotzan eta 31 Donostiako Altza auzoan eta 12 Añorgan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo