BELA Espainiako Itzulia Hondarribitik abiatuko da
Iker Martinez eta Xabi Fernandez, ongi lagunduta
Michel Desjoyeaux bretoia munduko txapeldunekin elkarlanean arituko da.
Asier AIESTARAN
Iker Martinez eta Xabi Fernandez prest dira datorren larunbatean Hondarribian hasiko den Espainiako Bela Itzulirako. Nabigatzaile euskaldunek Barcelona World Race estropada prestatzeko erabiliko dute proba hau eta atzo tripulazioa osatuko duten beste kideak aurkeztu zituzten. Fernando Sales gipuzkoarrak, Gonzalo Fernandez de Velasco Nervio nafarrak, Gabriel de Llano eta Pedro Campos galiziarrek, Eduardo Valderas txiletarrak eta Michel Desjoyeaux bretoiak osatzen dute taldea.
Bereziki deigarria da azken horren parte-hartzea. Ikerrek eta Xabik Espainiako Itzulian erabiliko duten ontzia Michel Desjoyeauxek azkenekoz Vendee Globe estropada irabazi zuenekoa da. Horregatik, munduari itzulia bakarka eta eskalarik gabe ematen dion proba bi aldiz irabazi duen itsasgizon bakarra luxuzko laguntzailea izango da Sanxenxo eta Calpeko portuak lotuko dituen etapatik aurrera.
Erabiliko duten itsasontziari buruz ere zenbait xehetasun eman dituzte euskal nabigatzaileek. Imoca Open 60 motakoa da, Farr Yacht Design enpresak diseinatutakoa eta CDK Technologies-Mer Agitee ontzigileak egina. Neurriei dagokienez, 18,28 metroko luzera du, 5,85 metroko zabalera eta 4,5 metroko sakonera. «Movistar» izeneko ontzia atzo goizean abiatu zen Sanxenxoko portutik eta Hondarribira gaur gauean bertan iristea espero dute.
Espainiako Itzulia Hondarribitik irtengo da datorren larunbat eguerdian, zazpi taldek parte hartuko dute eta 1.735 itsas miliako ibilbidea izango du. Proba Santander, Gijon, Sanxenxo, Calpe eta Palma de Mallorcatik igaroko da, hilaren 30ean, gutxi gorabehera, Bartzelonako portuan amaitu aurretik.
Baina euskaldunen parte-hartzea ez da Iker Martinez eta Xabi Fernandez Munduko 49er Txapeldunetara mugatuko. «Pakea Bizkaia» ontzia lehian izango da eta gaur eguerdian abiatuko da Getxoko portutik Hondarribira. Tripulazioa itsasgizon euskaldunek eta kataluniarrek osatuko dute: Jaume Mumbru, Cali Sanmarti, Jordi Griso, Iñigo Axpe eta Aitor Ocerin. Gainera, Unai Basurkoren laguntza izango dute aurreneko bi etapetan: Hondarribia-Santander eta Santander-Gijon.