Kirolari guztiak alboan izan zituen Paskualtxok bere egun handian
Jon LEUNDA
Kirolariek ez zuten hutsik egin herenegun eguerdian Zizurkilen Paskualtxori egin zioten omenaldian. Ekitaldia bi saiotan banatu zen. Goiz partean herri-kirol jaialdia izan zen, eta arratsaldean bazkaria, trikitilariek eta bertsolariek lagunduta.
Jende ugari batu zen goizean egin zen herri-kirol saiora. Antolatzaileek bi gune prestatu zituzten, eta batean segalariak aritu ziren lanean, eta bestean aizkolariak, trontzalariak, harri-jasotzaileak eta korrikalariak.
Proba oso gustagarriak izan ziren, eta zaleek ederki pasatu zuten, baita Paskualtxok berak ere, bere egun handia primeran atera baitzen, nahiz eta eguraldia kili-kolo egon zen egunean zehar. Opari faltarik ere ez zuen izan omenduak.
Artzadun nagusitu zen Aian
Bestalde, ikusmin handia piztu zuen larunbat gauean Aiako probalekuan jokatu zen idi-proba apustuak, eta amaieran Artzadunen uztarriak menderatu egin zuen Barriolaren idi parea. Alde bakoitzak 1.500 euro jokatzen zituen dirutan, eta amaieran Artzadunek eraman zituen etxera 3.000 euroak.
Artzadunen uztarria izan zen plazaratzen lehena, eta lan bikaina egin zuen, ordu erdian harriari tiraka aritu ostean 51 plaza baitzituen eginak. Berak lanak amaitutakoan plazaratu zen Barriolaren idi parea, eta haien helburua aurrekoek egindako marka apurtzea zen, bestela ezinezkoa izango baitzen garaipena erdiestea. Ez zuten lan txarra egin, asko gerturatu ziren, baina 48 plazarekin geratu ziren azkenean, hiru gutxiagoarekin.