GARA > Idatzia > Kultura

Getxoko blues festibalak irekiko du Euskal Herriko jaialdi erraldoien udako denboraldia

Jaialdia ekainaren 18tik 20ra bitartean izango da Algortako Bihotz Alai plazan, sarrera 5 euroan dela. Festa Eric Sardinasek ireki ostean Music Maker Foundationek itxiko du. Tartean, Betty LaVette izango da kantari.

p043_f01_97x96.jpg

A. BILBAO | BILBO

Ekain bukaeran hasi eta, behin uztailean sartuta, errenkadan izango ditugu gurean musika jaialdi nagusiak. Uda giroan sartuak gara jada, eta musika prest da gau epelak girotzeko.

Udako musika hitzorduetan goiztiarrena Getxoko Blues Jaialdia izango da, ekainaren 18tik 20ra, Eric Sardinas -Raimundo Amador gonbidatuarekin batera-, Betty LaVette eta, Music Maker Foundation taldeak egun bakoitzeko protagonista direla.

Kontzertuak Portu Zaharrean izan beharrean -lanak egiten dabiltzala-eta- Algortako Bihotz Alai plazan izango dira, gero jazz jaialdirako erabiliko den karpa berberean, eta sarrera izango dute, 5 eurokoa baino ez bada ere. Berrikuntzekin bukatzeko, zuzenekoen hasiera ordua ere aurreratu nahi izan dute aurten, beranduegi buka ez daitezen, eta 21.00etan jarri dira hitzorduak, igandekoa izan ezik, 20.00etan hasiko baita jendeak azken metroa hartu ahal izateko.

Sardinasen sua

Nazioarteko jaialdiaren 22. edizioa Eric Sardinasek piztuko du, festibaleko gau indartsuenean. Oinarri rockzalea du Sardinasek, eta orain urte batzuk zuzeneko gogoangarria eman zuen jaialdi berean. Gainera, Getxon jotzeko lagun duen Raimundo Amador ijitoa gonbidatu du, elkarrekin ondo moldatzen dira-eta.

Blues kaliputsua atzean utzi eta soul doinuetara makurtuko da jaialdia larunbatean, Betty LaVetten ahotsean. 2008ko «The Scene of Crime» lanarekin Grammy sarietarako izendapena lortu zuen LaVettek -aipatu diskoan Drive-By Truckers talde handia izan zuen laguntzaile-, eta Obamaren izendapen ekitaldian kantatutakoa dugu. Bere azken lana «Interpretations. The British Rock Songbook» da eta bertan The Beatles, Eric Clapton, Pink Floyd eta abarren kantuak ematen ditu, bere moldera.

Bukaera jardunaldia izango da igandekoa, Music Maker elkarteko musikarien eskutik. Egun ahaztuak diren musikariak biltzen dituen fundazioak bira egingo du Europan, eskarmentu handiko musikari trebeekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo