Hezkuntzarako lan-ituna sinatu dute, gehiengo sindikalaren iritziaren aurka
GARA
Lakuako Gobernuak langileen ordezkaritzaren gutxiengoa duten CCOO eta UGT sindikatuekin 2010 eta 2012 urte artean Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hezkuntza publiko ez-unibertsitarioko langileen lan baldintzak arautuko dituen akordioa sinatu zuen atzo. Hezkuntza Sailean gehiengo sindikala duten ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuak itunaren aurka daude eta ez zuten akordioa sinatu.
Hain justu, akordio honen edukien aurkako greba eguna iragarrita zegoen iragan maiatzaren 25ean, nahiz eta azkenean, hezkuntzako langileekin batera, administrazio publiko osoak egin zuen greba.
CCOOko Pablo Garcia de Vicuña eta UGTko Luis Santisorekin akordioa sinatu ostean, Isabel Celaa, Lakuako Hezkuntza sailburuak, ikastetxeetako irakasle kopurua ez dela murriztuko adierazi zuen, eta iragarri zuenez, haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan 40 irakasle gehiago izango dira datorren ikasturtetik aurrera.
Zentzu honetan, eta Patxi Lopez lehendakariak gastu publikoa murrizteko iragarri dituen murrizketa neurriei erreferentzia eginez, langile kopurua ikutu gabe baliabideen optimizazioa egiteko hainbat eremu badirela adierazi zuen Celaak. Funtzionarioen oinarrizko ordainsariak Gasteizko Mahai Orokorreko akordioak ezartzen baditu ere, Lakuak, CCOOk eta UGTk sinatutako itunak osagarrien zatian hainbat aldaketa jasotzen ditu. Hala, atzo adierazi zutenez, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleek Lakuako Gobernuak ezarriko duen bataz besteko beherapena pairatuko dute. Ordainsariei dagokionean berriz, Hezkuntza mailako akordioak, zuzendari taldeen ordainsari zehatza %10ean handituko du.
Bestetik, hitzarmenak irakasleak 60 urterekin aurre-erretiroa hartzeko aukera jasotzen du. Lan eskaintza publikoari dagokionean, akordioaren arabera, datozen hiru urtetan 3.600 lanpostu sortuko dira.
Sinatzaileen jarrera
Irakasleen ordezkaritzaren gehiengoa duten ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek sinatu ez duten itunak «irakasleen egonkortasuna» indartzen duela adierazi zuen Celaa-k, baita hezkuntzaren kalitatea hobetzen duela ere.
STEE-EILAS-ek bere aldetik protesta egin zuen atzo bertan akordioaren aurkezpen unean. Sindikatuko Belen Arrondok ituna kritikatu zuen, eta laster Lakuak murrizketa ugari onartuko dituenez, horiek itun honetako zein alorri eragingo dieten ez dakiela adierazi zuen. Era berean, CCOOk eta UGTk sektore publikoan gaurko greba eguna deituta izanik, «gisa honetako dokumentua» sinatu izanagatik harridura azaldu zuen.