GARA > Idatzia > Ekonomia

Nafarroako Gobernuak soldatak jeitsiko dituen lege egitasmoa onartu du

p025_f01.jpg

GARA |

Nafarroako Gobernuak langile publikoen soldata murrizketa arautuko duen Foru Legearen proiektua onartu zuen atzo. Ondoren, Parlamentuan aztertuko dute proiektua eta litekeena da ekainean bertan onartzea. Hala, Miguel Sanzen Gobernuak funtzionario maila bakoitzari honako murrizketa ezarriko dio: A, %6,70; B, %4,86; C, %3,54; D, %1,38 eta E, %0,24. ELA sindikatuak atzo prentsa ohar batean salatu zuen, ordea, murrizketak «erasokorragoak» izango direla jaiegunak eta gaueko lanak bezalako «kontzeptu aldakorrek» %5eko murrizketa izango baitute, maila kontuan hartu gabe.

Era berean, Nafarroako Gobernuak neurri hauek ez ezartzeko eskumen osoa duela nabarmendu zuen eta murrizketak ezartzeko beste modu batzuk badaudela. Horregatik, langile publikoen soldatak murriztearen helburua krisiaren ondorioak langileek jasatea dela berretsi zuen. Funtsean, erabakia «bidegabe eta desegokia» dela salatu zuen ELAk.

Arabako Aldundia

Bestalde, Arabako Aldundiko diputatu nagusi Xabier Agirrek gastu publikoa murriztu eta krisi ekonomikoari aurre egiteko foru instituzioa zer-nolako neurrien ezarpena aztertzen ari den azaldu zuen atzo. Hala, eta besteak beste, langabezian daudenei nahiz pentsiodun zehatz batzuei zergak murriztea eta errenta handiei nahiz irabaziak izanda ere enplegua suntsitzen duten enpresei presio fiskala handitzea ari da aztertzen Aldundia. Aldundiak esku artean dituen aukeren artean, irabaziak izan arren plantilak murrizten dituzten enpresei Sozietateen gaineko Zerga hiru puntutan handitzea dagoela azaldu zuen Agirrek. Era berean Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza alorraren (I+G+b) nahiz dibertsifikazioaren alde egiten duten taldeei pizgarriak ematea ari da aztertzen.

Bestalde, krisi ekonomikoaren ondorioak era larrienean sufritzen ari direnei, langabeei nahiz diru-sarrera txikienak dituzten pentsiodunei esaterako, tratamendu fiskala hobetu liezaieke Aldundiak.

Azkenik, errenta handiei zergak igotzea aztertzen ari direla baieztatu zuen Agirrek. Hala ere, diputatu nagusiak Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban PFEZaren progresibitatea Estatu espainolekoa baino altuagoa dela nabarmendu zuen. Hala eta guztiz ere, urtean 150.000 euroko errenta gainditzen dutenei errekarguren bat ezar liezaieketela esan zuen. Beste aldean, urtean 18.000 euro baina gutxiagoko errenta dutenei, hobari fiskalak ematea aztertzen ari dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo