GARA > Idatzia > Kultura

«Mitotik hasi eta obsesio surrealistaraino», zezena nagusi Bilboko Arte Eder museoan

Historiaurretik modernitateraino, zezenak artean izan duen presentzia biltzen du «Taurus. Mitotik erritualera» erakusketak. Mundu osotik ekarritako 208 piezak osatzen dute eta irailaren 5era arte izango da Bilbon.

p041_f01_96x96.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Cocherito de Bilbao zezenketa klubaren mendeurrena aitzakia hartuta sortu zen ideia, baina «erakusketa askoz ere konplexuagoa da, iradokizun eta irakurketa mordoa eskaintzen dituena», esan zuen atzo Javier Viarrek, Bilboko Arte Eder museoko zuzendariak eta, kasu honetan, erakusketako komisario lanak egin dituenak, Miriam Alzurirekin batera. «Taurus. Mitotik erritualera» erakusketak 208 lan biltzen ditu, besteak beste, Londresko The National Gallery edo Napoliko Arkeologia Museotik ekarritakoak. Eskulturak, margolanak, zeramika ontziak zein grabatuak topatuko ditugu, eta artisten artean, berriz, izen ezagun ugari: Picasso, Zuloaga, Botero, Manet...

Bi ataletan banatu dituzte lanak. «Zezenaren mitoa eta mitoak» deitu diote lehenengoari eta «mito primitiboetatik hasi eta obsesio surrealistaraino, zezenak iradokitzen dituen boterea, gizontasuna, ordenaren mehatxua, sexualitatea eta indar sortzailea» ageri dira. K.a. 1.200 urte inguruko jatorri irandarreko terrakota batek zabaltzen du erakusketa. Bertan aurkituko ditugu, halaber, Picassoren «Zezenaren burua» bizikleta baten aulkiarekin eta eskulekuarekin egindako muntaia, «Dirzeren zigorra», K.a. I. mendeko horma-pintura ponpeiarra edo Kataluniako Arkeologia Museotik ekarritako anfora greziarrak.

Bigarren zatiak, «Jaiaren errituala», «gizakiaren eta zezenaren arteko borrokan» oinarrituta, Kretan, Grezian eta Asian sortutako ikuskizunak biltzen ditu. «Zezenketen jatorria ez dakigu bertatik datorren, baina argi gelditzen da oraingo zezen plazek erromatar zirkuaren forma hartu zutela», esan zuen Viarrek. Jatorriez gain, bigarren atal honen azpisailetan azaltzen dira lekuak, pertsonaiak, zezenketak, tragedia eta loria, baita jaiaren ostekoak ere. Azpimarratzekoak dira hemen Fernando Boteroren margoak («La cornada», «Caballo del picador»), Francisco de Goyaren «La tauromaquia» serieko estanpak, Ignacio Zuloagaren «Torero de pueblo» edo Edouard Maneten «La mujer torero» akuafortea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo