Agintaritzaren bihotzean aldaketa sakona gauzatu du Ipar Koreak
Kim Jong-Il Ipar Koreako presidenteak aldaketa sakonak egin zituen atzo bere Gobernuaren egituran, lehen ministroa eta defentsa erakunde garrantzitsu bateko lehendakariordea izendatuz. Adituen ustez, ondorengotzari ateak irekitzen dizkion maniobra baten aurrean gaude.
GARA
Ipar Koreako Gobernuak aldaketa garrantzitsuak eraman zituen burura atzo, alde batetik lehen ministroa ordezkatuz eta bestetik, Defentsa Batzorde Nazional boteretsuaren lehendakariordetza Kim Jong-Il presidentearen koinatuari utziz, KCNA berri agentzia ofizialak adierazi zuenaren arabera.
Parlamentuan eginiko ezohiko bilkuran Jang Song-Thaek Defentsa Batzorde Nazionaleko presidenteorde izendatu zuen Kimek, erakunde horren buru ere badenak.
Organismo horrek berebiziko garrantzia du, haren esku baitago Koreako herri Armada, iturri berak azaldu legez.
Beste alde batetik, Kim Yong-Ilek lehen ministro kargua orain arte Langileen Alderdiko buru zen Choe Yong Rimi utzi dio.
Analista batzuen iritziz, Jang Song-Thaeken izendapenak, 68 urte dituen Kim lehendakariaren balizko ordezkapen baterako atea irekitzen du; bere hirugarren semea, Jong-Un izango litzateke ordezkoa.
Balizko ondorengotza horren hipotesiak 2008ko abuztuan hartu zuen indarra, Kimek buruko isuri bat izan eta gero.
Alderdiaren baitan, gero eta rol pisuzkoagoak jokatuz joan da Jang azken urteotan eta, adituen ustez, Jong-Un boterera helduko balitz, haren esku geldituko litzateke erregeordetza.
KNCA agentziaren arabera, parlamentariak aipatu ordezkapenen gainean mintzatu ziren, baina antolakuntzari lotutakoak ere izan zituzten hizpide.
Hiru lehen ministroorde kargutik kendu zituzten, baita hiru ministro ere: Industria, Kirol eta Elikagai arlokoak.
2003tik lehena
2003. urtetik Herri Batzar Gorenak (SPA, Parlamentua) egiten duen lehen ezohiko bilkura da. Azken bilkuran, 2009ko apirilean, ekonomiaren inguruko gaiez aritu ziren.
Prentsa ofizialak kaleratutakoaren arabera, Choe Yong-Rimek maiatzaren 30ean eginiko mitin batean hitza hartu zuen, 100.000 lagunen aurrean, eta Hego Koreari leporatu zion bi herrialdeen arteko mugan tentsioa areagotu izana, Hego Koreako itsasontzi bat hondoratuz geroztik, Seulek Ipar Koreari egozten baitio horren errua.
Piongiango Gobernuak ukatu egin du martxoaren 26ko gertaerarekin zerikusirik duela. Nazioartean eginiko ikerketa batek Ipar Koreak ardurarik izan zuela aditzera ematen du, ordea. Hego Koreako 46 soldadu hil ziren.
Ameriketako Estatu Batuek «nazioarteko sostengua» galdegin zuten Seulentzat, batez ere Txinaren aldetik, are gehiago Hego Koreako itsasontzia hondoratu eta gero.