Milaka euskaltzale hartuko ditu «gogo biziz» Agurainek aurtengo Araba Euskaraz-en
Hilaren 20an «Gogo biziz» lelopean Agurainen ospatuko den euskaltzaleen jaialdiaren aurkezpena egin zuten atzo. Orotara, lau gune izango ditu zirkuituak eta herrian bertan izango dira.Zuriñe ETXEBERRIA | GASTEIZ
Atzera kontua hasi da jada. Agurain datorren astean, igandean, milaka euskaltzale bilduko dituen festarako prest dago. Aguraingo Lautada Ikastolako zuzendari Maite Ortega, Araba Euskaraz 2010 edizioko batzordekide Nuria Arana, Josune Diez de Heredia, Lautada Ikastolara umeak eramaten dituen ama, eta Ikuskizunak batzordeko kide Soraya Alzola prentsa aurrean agertu ziren atzo aurtengo edizioaren egitaraua aurkezteko eta azken aholkuak emateko.
Aguraingo kaleetan izango diren lau gunek osatuko dute aurtengo Araba Euskaraz-en zirkuitua. Lehenengo gunea Lautada Ikastola ondoan egongo dela argitu zuen Soraya Alzolak. Hor, irekiera ekitaldia egiteaz gain, herri-bazkaria ere izango da. Bigarren gunea, berriz, herriko igerilekuetan kokatuko dute eta tankera askotako ekintzez gozatzeko aukera izango da, besteak beste, Arabako herrien arteko pilota txapelketako finala eta erromeria Joselu Anaiak-en eskutik.
Aurtengo Araba Euskaraz-eko hirugarren gunean umeak izango dira protagonista. Dulantzi plazan umeentzako propio antolatuko dituzte tailerrak, ohe elastikoak, ludoteka eta Txirri, Mirri eta Txiribiton junior pailazoak txiki zein handieneei barrea eragiteaz arduratuko dira.
Azkenik, Harresi parkean aurkituko dute gazteek musika eta kirol eskaintza aparta. 11.00etan hasita eta zazpi ordu baino gehiagoz kontzertu zaparrada izango da laugarren gune honetan. Los Beltzas, Laia, 121 Krew, Betagarri eta Sexty Sexers musika taldeek arduratuko dira giroa alaitzeaz. Horrez gain, Aguraingo Harresi Aretoan herrian euskaraz eskolak ematen jardun ziren Arantza, Jone eta Juncal andereñoak omenduko dituzte.
Ekainaren 20an Arabako euskaltzaleen festa handira gerturatu nahi duen orok hainbat bide izango dituela nabarmendu zuten atzoko agerraldian. Gasteiztik joan nahi izanez gero, tiketak Arabako Ikastolen Federazioan bertan, AEKn edota autobus geltokian izango dira salgai 4,26 eurotan -joan-etorria-. Gasteiztik trena hartzeko aukera ere izango da. Iruñetik ere aterako dira autobusak. Azkenik, autoz joan nahi duenak, N-1 errepideko 375. irteera hartu beharko du.
Harresi Aretoan Agurainen euskaraz eskolak ematen jardun ziren Arantza, Jone eta Juncal andereñoak omenduko dituztela gogorarazi zuten atzo.