GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Iruñeko Udala, zuritzerik ez daukana zuritu nahian

SOS Arrazakeriak atzo zabaldu zituen irudiek arrazoia eman diete Iruñeko zenbait udaltzainen jarrera larderiatsua salatu izan duten herritarrei. Irudi horiek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Herritar bat esku-burdinak jarrita eta immobilizatuta zutela eman zioten tratu txarra ukaezina da. Atxilotuak salatu zuenaren arabera, egun hartan kolpeek polizia-etxearen eraikinean jarraitu zuten. SOS Arrazakeriak tratu txarren egileen zigorgabetasuna bermatzen duen jarrera nabarmendu zuen, epaileena, hain zuzen ere, horrelako kasuetan udaltzainek gehiegizko sinesgarritasuna dutela esanez. Gazte hori nola jipoitzen duten erakusten duten irudiak ikusita, ez al dira sinesgarriak atxilotuen salaketak? Iruñeko Udalarentzat badirudi ezetz, irudi horiek ez direla nahikoa, gaizki iruditu baitzaio irudiak erakutsi izana, Udaltzaingoaren irudi txarra agerrarazi nahi dutela esanda. Hala ere, ez du oso irudi ona merezi tratu txarren grabazio bat berehala epaileen eskuetara helarazten ez duena, kasu horretan SOS Arrazakeriaren esku hartzeari esker helarazi baitzuten. Irudiek erakusten duten jipoiak baino hura zuritzen kezkatuago agertu zen Udala, atxilotuaren aurrekariak aipatuz, zuritzerik ez daukana zuritu nahian. Udaltzain horiek erantzukizun larria dute, baina Udaleko arduradunek ere bai, tratu txarren aurrean duten jarrera dela-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo