GARA > Idatzia > Kirolak> Real Sociedad

Lehen Mailara igotzeko txartela begi bistan dago

Xabi Prieto eta Diego Rivas, arantza kentzeko irrikan

Bigarren Mailara jaitsi zen taldean zeuden bi jokalariak. Orain, merezi duen tokira itzuliko dute Reala.

p036_f01_097x128.jpg

Imanol CARRILLO

Hiru urte luze pasatu dira Realeko zenbait jokalari taldearekin batera Bigarren Mailara jaitsi zirenetik. Xabi Prieto eta Diego Rivas dira egoera horretan kalteturik suertatu ziren bi taldekide garrantzitsu.

Hiru denboraldi hauetan Realak merezi duen tokira iristeko egindako lan gogorrak igande honetan izan dezake bere saria, Anoetan Celtaren aurka, gutxienez, puntu bat ateraz gero.

Igoera lortzen bada, arantza kenduko dute Prietok eta Rivasek. Eta oso ondo dakite hori bi jokalariek. «Igoera lortzea gainetik pisu handi bat kentzea da. Ez bakarrik igoeragatik, baizik eta helburu preziatua lortu ez genuen aurreko denboraldiengatik. Espero dugu igandean, zortzietan, motxila pisutsu hori kentzea eta oporretara lasai joatea. Egun handia izatea espero dugu», adierazi zuen Rivasek.

Prietok beste ikuspuntu bat du, baina barruan duen amorrua ere nabari daiteke: «Urte konplikatu hauek bizi ditugunontzat orbaina ixtea izango da». Halaber, erdilari donostiarrak momentua bizi behar dela adierazi zuen, izan ere, «igoera bat beti da ederra. Champions-a jokatzea ere bai, baina momentu honetan igoera eta txapeldun geratzea da lor dezakeguna, eta titulu bat izango balitz bezala ospatuko genuke».

Datorren denboraldian Lehen Mailan ez egoteko dagoen portzentajea oso txikia da (%0,4a), baina Rivas ez da futbolean gerta litekeenaz fidatzen: «Igoera ziurtatzen ez dizun portzentajea hor dago eta futbolean hainbeste gauza gerta litezke... Nire herrian `Hartzaren larrua ez da ehizatu baino lehen saldu behar' dioen esaera erabiltzen da. Egia da ehuneko hori oso txikia dela, baina hor dago eta baliteke ezer ez ospatzea azkenean. Horrek erne egoten laguntzen digu. Eskuekin laztantzeko moduan hain gertu daukagun zerbaitek kontzentrazio akats bategatik ihes egitea barkaezina izango litzateke».

Ciudad Realekoak inork baino hobeto daki zer den igotzea. Getaferekin lortu zuen duela zenbait denboraldi, baina kasu horretan etxetik urrun izan zen. Beraz, historia errepikatu nahi du, baina oraingoan etxean: «Azkeneko jardunaldia Tenerifen bizitzea tokatu zitzaidan, eta ondorengo ongietorria sekulakoa izan zen. Barajasera iritsi ginenetik Getafera heldu ginenera arte dena kamiseta urdinez beterik zegoen. Eta aurten espero dugu Anoetan lortzea. Ezberdina izango da, hasieratik zaleekin ospatuko baitugu».

«Ziur aski aste bereziena da, eta jokalari bezala bizi izan dudan momenturik politena izan liteke igandekoa», zioen Prietok.

Giro ahaztezina Anoetan

Igandean Anoetan biziko den giroa ahaztezina izango da ziur aski. Jende ugari aspalditik prestatzen hasia da asteburuko plana, eta estadioan bertan ere izango da zale guztien irrika zenbaterainokoa den ikustea.

Hala, besteak beste, Celtaren aurkako neurketan pertsonez osatutako mosaiko bat egingo dute Alcorta Ardoak enpresak antolatuta.

Anoeta bete egingo da bere taldearen igoera bertatik bertara bizitzeko. Estadioaren inguruan oso ilara luzea osatu zuten ehunka pertsonek atzo neurketarako sarrerak erosteko.

Ea astea, denboraldia eta hiru urte hauetan egindako lana borobiltzen den igandean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo