GARA > Idatzia > Ekonomia

Sakanako egoeraren aurrean Nafarroako Gobernuaren geldotasuna salatu du ELAk

GARA

ELAk Sakanako langileen egoera larria eta horren aurrean Nafarroako Gobernuak erakutsi duen ekimen eza gaitzetsi zuen atzo. Mitxel Lakuntza Nafarroako arduradunak eta Gorka Vierge Altsasuko arduradunak azaldu zutenez, 2008ko maiatzean 519 langabe ziren eskualde honetan; 2009ko maiatzean 1.042ra iritsi ziren eta aurtengo maiatzean dagoeneko 1.251 pertsona daude langabezian. Horietatik, 612 25 urtetik beherako emakumeak dira.

«Sakanako egoera oso zalantzagarria da. Azkenaldiko lanpostuen galera etengabeak bizi dugun babesgabeko egoera erakusten du.

Hain zuzen, azken kaleratutakoen kopurua gogorarazi zuten: Dinesconen, 150 lanpostu; Recindsan, 70; GN-en, 40; Isphordingen, 100; Gamesan, 150; Conhersan, 20; Lurgainen, 21; Industrial Barranquesan, 20; eta Prenasan, 15.

Enpresen helburu bakarra beren kontu korrontea izan dela salatu zuten. Batzuetan deslokalizazio hutsa izan da eta beste batzuetan ekoizpenarekin loturiko arrazoiak aipatzen direla azaldu zuten, baina edozein kasutan, «ordaindu dutenak ogibiderik gabe geratu direnak izan dira», gaineratu zuten. Gainera, Gamesan, GN-en eta Isphordingen emakume langileak gizonak baino gehiago ziren. Horregatik, gaur egun Sakanan emakume eta langilea izatea kontratako kontzeptuak bihurtzen ari direla uste dute. Sakanak, duela gutxira arte izan den eskualde aberatsa baino «basamortu industriala ematen du orain», esan zuten.

Aldi berean, beste enpresa asko enplegua erregulatzeko espedienteak dituztela gogorarazi zuten: Industrias Carsal, Industrial Barranquesa, Eguzkia edo Arfe.

Industria politikarik ez

Egoera horren aurrean, Nafarroako Gobernuaren pasibotasuna salatu zuten, «Nafarroan ez dago industria politika. Eta Sakanan argi eta garbi ikusten da hori», esan zuten ELAko eledunek. Sindikatuaren arabera, eskualdeko enplegu galeran Gobernuak ardura zuzena du eta eskualde guztiak ez dituela berdin tratatzen erakusten du.

Pasibotasun horren hainbat adibide eman zuten. Izan ere, 2005 eta 2009 artean Berrikuntza eta Garapenerako emandako laguntzen %8 baino ez dira Bortziriak, Baztan eta Sakanako eskualdeetara joan. Sodenaren bitartez emandako maileguei dagokienez, Sakanak bakarrik %5 jaso du eta azken hamar urteotan Nafarroako Gobernuak egindako kapital ekarpenen %0,2 baino ez du Sakanan banatu.

Azkenik, elkarrizketa soziala eta Enplegu Planaren porrota nabarmendu zuen, hamar urtetan 1.500 milioi euro gastatu ondoren, langabezi tasa Estatukoa baino handiagoa delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo