GARA > Idatzia > Kultura

Haize librea legez baina bikote moduan dator Maddi Oihenart

Zuberoako izaerari eutsi dio Maddi Oihenart kantariak bere hirugarren diskoan, baina oraingoan Juantxo Zeberiorekin batera bikote moduan aurkeztu du. «Baldi» lanak hamar kantu lasai eta goxo biltzen ditu, idazle zenbaiten poemak eta musika sotila uztartuz.
p041_f01_148x100.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Bizitzari kantatu dio Maddi Oihenartek hirugarren lan honetan ere. «Baldi» (NO-CD Rekords) diskoa zuberotarraren eta Juantxo Zeberioren elkarlanaren jarraipena da. Izan ere, orain hiru urte plazaratutako «Hari Biru» (Elkar) lanaren ildo bertsutik jorratu dituzte kantuak. Bakarlaritik bikoterako pausoa izenean baino ez omen da nabariko. «Azaldu bai baina aldaketa ez da horrela izan. Bakarrik ez dezaket ezer egin», esan zuen Oihenartek, atzo Bilbon egindako aurkezpenean.

Izenean bikote baina izanean laukote. Oihenart eta Zeberiok Txema Garces (kontrabaxua) eta Pello Ramirez (txeloa eta eskusoinua) musikariak izan dituzte lagun egitasmo honetan ere. «Bakoitzak baditu bere proiektuak baina hemen bakoitzak berea eman du», esan zuen Zeberiok.

Barkoxen jaioa, a capellako kantaria izan da Oihenart orain gutxira arte baina ederki moldatu da musikariekin. «Erritmoekin izaten ditut arazoak», aitortu zuen atzo. «Haizea bezala da Maddi, baina egia da ibilbide bat daukala eta lauzpabost urte talde batekin aritu ondoren, nolabaiteko eboluzio bat ikusten da», zehaztu zuen Zeberiok, nahiz eta zuberotarraren ustetan, «ez naiz ohartzen, iruditzen zait beti horrela kantatu dudala». Tolosarrak erronka moduan hartu du Oihenartekin kantuak osatzea: «Maddi bera bakarrik asko da eta zerbait sartzen baduzu, ziurrenik izorratzeko izango da. Erronka izan da pentsatzea zer egin bera Maddi izaten jarraitzeko».

Hitzak handik eta hemendik

Gustuko idazleen hitzekin osatu dituzte kantuak. Lehenengoan Kirmen Uriberen laguntza izan dute, «musika egina pasa genion eta horren gainean sortu zituen berak». Bestela, Leire Bilbaoren «Gereziondoak loretan», Bernardo Atxagaren «Bizitzak», Karlos Linazasororen «Kaiola» edo Itxaro Bordaren «Ninano» eta «Haur ginenian bezala» musikatu dituzte.

Zuberoako tradizioari muzin egin gabe, Alexis Etxekopar Attuli Barkoxeko poetaren «Bortü txoria» ere biltzen du diskoak. «Ez da oso ezaguna baina kantu ederrak egin zituen eta aurtengo pastoraleko gaia izango da», azaldu zuen Oihenartek. «Plańu niz» kantu herrikoia ere berreskuratu dute eta kantaria bera ere animatu da idaztera «Hitz bat» deiturikoan.

Kantu zerrenda amaitzeko, herrikoia ez baina herritarren memorian iltzatuta gelditu den Mikel Laboaren bertsio bat ere osatu dute: Joxan Artzeren hitzekin sorturiko «Gure bazterrak».

Oraingoz ez dute zuzeneko aurkezpenik finkatu, ez nahi ez dutelako, ordea. Euren esanetan, «lirikaren garaia ez da sekula izan baina momentu honetan oso gaizki daude gauzak Euskal Herrian. Baina bueno, ez gara negarrez hasiko». Lasai ibili dira grabaketan, azaroan zati bat eta martxoan falta zena bukatuz, eta zuzenekoekin ere berdin egingo dute. Uda ostean ekingo diote.

HIRU DISKO

«Ihargi min» (Metak, 2003) izan zen Josetxo Goia-Ariberekin batera sinatu zuen bere lehen lana. «Hari biru» (Elkar, 2007), bakarlari gisa aurkeztu zuen eta oraingoan, Juantxo Zeberiorekin sortu du «Baldi».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo